‘Xenpelar Tailerrak, 50 urte gelditu gabe’ erakusketa Xenpelar Etxean ikusgai

Gaur Xenpelar Tailerren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa inauguratuko da Xenpelar Etxean arratsaldeko 19:00etan.

Erakusketa bakar batek Xenpelar Tailerren 50 urteetako historia bere osotasunean azaltzea ezinezkoa bada ere, bere esentzia islatzeko ahalegina egin nahi izan da honen bitartez. 1973. urtean Valeriano Lecetak sortu zuenetik, bost kokagune desberdin ezagutu ditu eta bere ibilbidea erronkaz eta eraldaketaz josia egon da denboraldi honetan. Teknika artistitikoak irakasteaz gain, tailer okupazionaleko zerbitzu baliotsua eskaini du, sormen-prozesuak lagundu ditu eta artea komunitatera hurbildu du. Azken batean, erakusten den lagin honen xede nagusia Xenpelar Tailerrak Errenteriako arte plastiko eta ikusizko arteen dinamizazioan jokatutako papera erakustea da.

Erakusketa azaroaren 18ra bitarte egongo da zabalik, astelehentik larunbatera arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Udaletik gonbidapena luzatu nahi zaie herritarrei erakusketara gerturatzera eta baita gaur arratsaldean izango den inauguraziora bertaratzera ere.