Abian da baserritarren azoka Jose Erbiti kaleko gune berrian

Pasa den larunbatetik, Errenteriako baserritar azokak leku berria du Jose Erbiti kalean, bertan ohiko ordutegiak mantenduko ditu. Merkatu Tradizionalera eta merkatu berria elkartzen duen atea ere jai giroan estreinatu zuten.

Argazkia: Oarsoaldeko Hitza

Baserritarren azokako eragileak bat datoz leku-aldaketa beharrezkoa zela. Xabier Olaskoaga plazan isolaturik zeudela adierazi dute tokiko merkatariek. Kokaleku berriari, aldiz, inpresio ona hartu diote, txukunagoa eta argitsuagoa delakoan.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea ere azoka berriaren estreinaldian izan da. Landa eremuak eta baserritarrek “aitortza” behar dutela adierazi du agintariak, bai eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi.

Azoka berriaren irekiera “jauzi kualitatibo” gisa definitu du Otaegik, elkarlanean egindako urratsa izan dela azpimarratuz. “Merkatua eta baserritarrak modu osagarrian elkarren ondoan lanean jartzeak biderkatzen du bakoitzak bere kasa duen potentziala”, adierazi du alkateak.

Maixabel Alfonso Errenteriako Merkatua elkarteko kidearentzat, bestetik, Jose Erbiti kalea eta Errenteriako Merkatua lotzen dituen sarbide berriarekin “gure esentzia denaren aldeko urrats positiboa egin dugu, baserritarrekin bat eginez”.

Halaber, Maika Marin Errenkoaldeko lehendakariaren esanetan, merkatua “udalerri batentzat ekonomiaren eta merkataritzaren motorra da” eta aldaketarekin “ikusgarritasuna” handitu duela dio.