Garabide elkartearen laguntzaz DBHko ikasleek hizkuntza aniztasuna lantzen ari dira

Urriaren erdialdetik, Errenteriako eskoletako Derrigorrezko Bigarren Hezuntzako (DBH) 230 ikasle dabiltza hizkuntza aniztasunaren inguruko hezkuntza prozesuan. Zenbaitek bigarren ikasturtea badute ere, beste batzuek lehenengo aldiz ari dira parte hartzen Garabide Kultur Elkarteak dinamizatu, eta Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunaren, Garapenerako Lankidetzaren eta Giza Eskubideen sailak babestutako egitasmoan.

Hizkuntza aniztasuna gure eskoletan eta horren balioa komunitateen arteko elkarbizitzarako izeneko proiektuaren helburua da maila globalean zein maila lokalean dagoen hizkuntza aniztasuna bistaratzea eta horrek duen garrantzia ulertzea, aniztasunaren ezagutza era kritikoan sustatuz eta arreta hizkuntza gutxituetan jarriz. Era berean, euskararen egoera zaurgarriaz jabetzea eta gure hizkuntza hautuek izan ditzaketen inplikazioez hausnartzea da asmoa.

Proiektuaren hartzaileak Errenteriako sei ikastetxeetako DBHko 4. eta 3. mailako ikasleak dira, hain zuzen, Telleri-Aldeko 3. mailakoak, eta Egiluze, Cristobal Gamon BHI, Orereta Ikastola, Koldo Mitxelena eta Bizarain ikastetxeetako 4. mailako ikasleak. Urriaren erdialdetik datorren urtearen hasiera bitarte arituko dira buru-belarri lanean proiektuan.
Egitasmoa ikasgela bakoitzean lantzen ari diren lau sentsibilizazio saioetan oinarritzen da. Horietan, ikasleekin gaia lantzeko dinamikak egiteaz gain, mundu mailan eta herri mailan dauden komunitate desberdinek elkar ezagutzea sustatzeko neurriak eta ekintzak egiten ari dira, etorkizuneko bizikidetza hobetzeko.

Horretarako, Garabideren Hizkuntzak Biziberritzeko ADITU Formazio Programan parte hartzen ari diren 13 hizkuntza gutxiagotuetako 16 ordezkari gerturatu dira aste honetan hainbat ikasgeletara ikasleekin esperientziak partekatzeko: Kichwa (Ekuador), Quechua (Bolivia), Nasa yuwe (Kolonbia), Kaqchikel (Guatemala), Nawat (Mexiko), Yukatango Maia (Mexiko), Maputxea (Txile), Aimara (Bolivia), Guaranera (Bolivia eta Argentina), Acre (Brasil), Kreolera (Haiti), Kiche (Guatemala) eta Bubiera (Ekuatore Ginea). Gainera, Errenteriako Kamelamos Adiquerar Ijitu Elkarteko auzokideak ere izango dira haien hizkuntza, erromania, eta kultura partekatzeko espazio bat sortzeko asmoz.

Horren guztiaren helburua gazteak sentsibilizatzea eta gogoeta eginaraztea da, kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruan eta horrek duen garrantziaren inguruan. Langintza horretan euskararen esperientziatik zein beste hizkuntza gutxitu batzuetako hiztunen eta komunitateen esperientziatik abiatuko dira, besteak beste, hainbat lurraldetan bertako hizkuntza biziberritzeko egiten ari diren lanaren berri emanez.