Leticia Vergara mezzosopranoaren eta Amaia Zipitria pianistaren kontzertua, azaroaren 17an Errenterian

Santa Zezilia egunarekin batera, Leticia Vergara mezzosopranoak eta Amaia Zipitria pianistak kontzertua emango dute azaroaren 17an, 18:30ean, Andra Mari Abesbatzaren egoitzan. Sarrerak dohainik izango dira, eta horiek eskuratzeko aukera egongo da aretoko edukiera bete arte.

Andra Mari Abesbatzak eta Musikenek elkarlanean sortutako III Jose Luis Ansorena Bekaren irabazlea izan da Leticia Vergara, hain zuzen. Xede bikoitza du aipatutako Bekak: Musikene-ko masterreko ikasleei formakuntzarako dirulaguntza eskaintzea, eta Andra Mari Abesbatzaren sortzaile izandakoaren legatuari jarraipena ematea, gazteen talentuari laguntzen eta euskal musika bultzatzen.