Udalak terrazei buruzko ordenantza betetzeko neurriak hartu ditu

Pandemiak aldaketa handiak eragin ditu kontsumo-ohituretan, espazio irekietako aisialdiari eta egonaldiari lehentasuna emanez. Aldaketa horrek ostalaritzan ere eragina izan du eta, ondorioz, establezimenduek terraza berriak jarri eta  eremua handitzeko baimen berriak eskatu dituzte. Hala, 2020-2023 bitartean %32,8 handitu da terrazetako mahaien kopurua, 253 mahai berri gehiagotan, hain zuzen ere.

Terrazak handitzeko eta hedatzeko testuinguru horretan, ostalaritza sektoreak terrazen ordenantza berrikusteko eskatu zion Udalari, egungo egoerara egokitzeko. Aurreko legegintzaldian bi urtez elkarlanean aritu ostean, terrazei buruzko udal ordenantza berria aurtengo otsailean jarri zen indarrean.

Araudi-aldaketak zenbait aldaketa ekarri zituen jarduera ekonomikoaren garapenaren, espazio publikoaren okupazio arrazionalaren eta auzotarren atsedenaren arteko oreka lortzeko helburuarekin. Besteak beste, terraza-ordutegiak zabaltzea eta orain arte lizentziarik eman ez zuten lekuetan terrazak jartzeko aukera ahalbidetu zen, bai eta terrazak zituzten establezimendu guztiek mahai kopurua eta horien kokalekua erakusten duen eranskailua izatea ikusteko moduko leku batean.

Ordenantzaren betetze-mailaren jarraipena

Araudi berri hau abian jartzeak haren betetze-maila ebaluatzea ekarri du eta, aldez aurretik jakinarazi ondoren, udaltzaingoak aldizkako kontrolak egin ditu. Egindako jarraipenen arabera, oro har, ordenantzaren betetze-maila oso positiboa izan da, udalerriko establezimenduen %74k betetzen baitu.

Hala ere, araudia betetzen ez duten kasuak aurkitu dira: baimendutakoak baino mahai gehiago jartzen dituztenak, baimendutakoa baino espazio publiko gehiago okupatzen dutenak, oinezkoen pasabidea zailtzen dutenak edo eremu publikoan terrazetako materiala gauez uzten dutenak. Arau hauek ez betetzeak 650 eta 4500 € arteko isunak eragin ditu.

Udalak adierazi du garrantzitsua dela udalerriko bizikidetzarako ezarritako ordenantza betetzea. Era berean, gogorarazten da establezimenduek ageriko leku batean jarri behar dutela Udalak ematen dien eranskailua, bertan adierazten baita zenbat mahai eta zenbateko azalera duten baimenduta. Era berean, debekatuta dago eremu publikoan mahaiak, aulkiak eta materialak pilatzea, eta zigortu egin daiteke jarduera amaitutakoan terraza gauez ez jasotzea.