Bost udal eraikinetan eguzki plakak instalatu ditu Udalak Next Generation funtsen laguntzarekin

Errenteriako Udalak bost udal-eraikinetan  instalazio fotovoltaikoak ezarri ditu: Bizarain Beraun Ikastetxean, Cristobal Gamon Ikastetxean, “Agustina Otaola Raketista Profesionala” Frontoian, Udaltzaingoan eta “Ekintzaileentzako Agustinak Zentroan”. Proiektu honekin CO2 isurketak murriztea, energia eraginkortasuna bultzatzea eta energia modu berriztagarrian sortzea bilatzen du Udalak.

Udaltzaingoko instalazioa bakarkako autokontsumokoa da, isurketarik gabe eta bateriekin. Gainerako instalazioak, berriz, autokontsumo kolektibo modalitatekoak dira, soberakin konpentsazioarekin.

Instalazio fotovoltaiko hauen hornidura, instalazioa, tramitazioa eta abiaraztea egiteko kontratuaren esleipena 386.558,89 eurokoa izan da, BEZ barne. Proiektuak Europar Batasuneko finantzazioa -Next Generation EU- (281.275,00 €ko laguntza, itzuli beharrik gabe) jaso du. Beraz, laguntzaren kopurua, proiektuaren kostuaren % 72,76koa izan da.

Proiektu hau Errenteriako Tokiko Agenda 21en Ekintza-planean eta Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza-planean jasotako konpromisoekin bat dator. Horretaz gain, Errenteriako Udala “Alkateen Ituna” izeneko ekimenean parte hartzen duenez, bertan jasotako Berotegi Efektuko Gasen murrizketarako konpromisoa betetzeko bultzada emango dio proiektu honek.