Errenteriako Musika Bandak Fatimako Elizan joko du azaroaren 24an Mariaren Bihotza eta Eskifaia abesbatzekin

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak, Santa Zezilia eguna (azaroak 22) dela-eta, bi kontzertu eskainiko ditu hurrengo egunetan. Lehena azaroaren 18an izango da, arratsaldeko 20:00etan, Donostiako Artzain Onaren katedralean; bigarrena, berriz, azaroaren 24an, 20:30etan, Errenteriako Fatima elizan. Sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Bi kontzertuotan, Errenteriako Musika Bandarekin batera, Donostiako Mariaren Bihotza abesbatzak eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzak hartuko dute parte, Alain Ayerdi Gurpegiren zuzendaritzapean. Errenteriako kontzertuaren kasuan, elkarteak zilarrezko domina ezarriko dio Maribel Elustondo musikariari, bandan egindako 25 urteko bere ibilbideagatik.

Egitaraua liturgikoak ez diren obra erlijiosoez osatuta egongo da. Besteak beste, Franc William Ericson konpositorearen “Overture Jubiloso”, Giusseppe Verdiren Otello operatik “Ave Maria”, Gabriel Fauré-ren “Cantique de Jean Racine”, Charles Gounoden “O Salutaris” edota Francisco de Medina Igarzabalen “Aita Gurea” bilduko ditu.

Santa Zeziliaren edizio honetako emanaldiak bi zati desderdin izango ditu: lehenengoan banda arituko da bakarka, 10 minutuz, eta ondoren koroak eta solistak gehituko zaizkie. Ayerdiren iritziz, “entzuteko musika erraza” da, jendeak “gustora” hartuko duena.

Mariaren Bihotza abesbatzarentzat ere proiektu “handia” da honakoa. “Normalean a cappella edo organoarekin abesten dugu. Gure kasuan ez da ohikoa horrelako banda handi batekin jotzea”, dio Edurne Loiarte lehendakariak.

Bakarlari lanetan, beste urtebetez, Ana Otxoa Pando sopranoa arituko da. Bilbotarrarentzat, lehenengo aldia izango da Mariaren Bihotza eta Eskifaia abesbatzekin batera arituko dena eta errepertorio “oso polita” eskainiko dutela uste du.

Maite Gartzia Kultur zinegotziaren hitzetan, Errenteriako Udala “oso harro” sentitzen da hiriko bandak egindako lanarekin eta gonbidapena zabaldu die herritarrei zuzeneko musika entzun dezaten.

Donostiakoa, kontzertu solidarioa

Larunbat honetan estreinakoz arituko da Errenteriako Musika Banda Artzai Onaren katedralean. Gainera, Donostiako kontzertuak helburu solidarioa izango du: ikusleek Munduko Begiak izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeari (GKE) laguntzeko abagunea izango dute bertan, hirugarren munduko biztanleek eduki ditzaketen ikusmen arazoak konpontzeko lanetan ari dena.