Merka Oiartzun bisitatu dute Udaleko eta tokiko hainbat eragiletako ordezkariek

Merka Oiartzun, Errenterian kokatuta dagoena, Euskal Herriko arrain banaketarako gunerik garrantzitsuena da. 35.000 m2ko azalera duen gunean 20 enpresa saltzaile baino gehiagok eta 100 langile inguruk egiten dute lan.

Proiektuaren xehetasunak ezagutzeko eta sinergia berriak lantzeko, bisita egin dute aste honetan tokiko hainbat eragilek. Udalaren aldetik, bertan izan dira Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Leire Mazizior Garapen Ekonomikoko zinegotzia eta Eneko del Amo Hirigintzako zinegotzia. Halaber, Oarsoaldeko Garapen Agentziako, Don Boscoko eta Ekiherri kooperatibako ordezkariak ere bertan izan dira.

Proiektuaren erronkez eta gizartean ematen ari diren aldaketek arrain sektorean dakartzaten desafio berriez hitzegin dute. Merka Oiartzungo ordezkariek instalazioak modernizatu eta jauzi bat ematearen garrantzia azpimarratu dute. Horretarako, sektoreak dituen erronka handiei erantzuteko bertako eragileak batzea ezinbestekoa ikusten dute.

Merka Oiartzunek 35.000 m2ko azalerako gunea du, hainbat eremutan banatzen dena: 5.000 m2 arrandegiei zuzenean saltzeko; 2.000 m2-ko plataforma arraina jasotzeko eta banatzeko; 2.000 m3 kamara izozgailu 0ºtan; 1.000 m3 kamara izozgailu -25ºtan; eta 4.000 m2 bestelako instalazioetan. Gainera, bertako ordezkariek instalazioen kokapenak proiektuari sendotasuna eta izaera estrategikoa ematen diola gaineratu dute.

Aizpea Otaegi alkateak eragile ezberdinen artean sinergiak sortzearen garrantzia azpimarratu du eta horretarako, udala bidelagun izango dela gaineratu du. Gainera, Oarsoaldeko Plan Estrategikoak jasotzen duen gisan, eskualdean Ekonomia Urdina sustatzea garapenerako lehentasunetako bat dela gogorarazi du eta bide horretan, Merka Oiartzunen gisako proiektuek izan beharreko rol aktiboa azpimarratu du.