Pintxo-pote solidarioak antolatu ditu Juneren Hegoak elkarteak

Juneren Hegoak bi pintxo-pote solidario antolatu ditu Errenteriako zenbait ostalaritza-establezimenduekin batera elkartearen hamargarren urteurrenaren ospakizunetan. Lehena gaur egingo dute, azaroak 23, eta bestea abenduaren 15ean izango da.

Hauek dira gaur gaurkoz ekimenean parte hartuko duten tabernak: Aker, Gamón 14, Maite, Ondartxo, Kantina Lekuona eta Etxeondo. Batzuek, Juneren Hegoak pintxo berezia eskainiko dute eta gainontzekoek, pintxo-pote horietan lortutakoaren zati bat emango diete elkarteari. Egitasmoaren kartel bat eta informazioa izango da parte hartuko duten establezimenduetan.

Gabonetako oparietarako egoitzaren irekiera

Azaroaren 30etik abenduaren 14ra bitarte, Juneren Hegoak elkarteak opari solidarioak eta 2024 urteko egutegia saltzeko lokala irekiko du Errenteriako Martin Etxeberria kaleko 15. zenbakian (Super Amara ondoan), 18:00etatik 19:30era.

Juneren Hegoak-en inguruan

Juneren Hegoak elkartea June Sánchez Tolaretxipi haurra minbiziaz jota hil eta hilabete batzuetara sortu zuten haren gurasoek eta lagun talde batek, 2013an. Harrezkero, ahultasun-egoeran dauden eta gaixotasunak, dibertsitate funtzionaleko egoerak edo adingabeen dolua jasaten ari diren Euskadiko familiei laguntzeko sarea ehuntzean joan da elkartea, horien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko helburuarekin. Proiektu honek 61 familia artatu ditu bere ibilbidean zehar, 118 boluntario pasa dira, 86 ekitaldi egin eta 287.000 euro baino gehiago bideratu ditu bere jardueretara.

Duela 3 urte, Eusko Jaurlaritzak onura publikoko erakundea izendatu zuen Juneren Hegoak. Halaber, elkarteak haurren minbizia ikertzeko beka bat sustatzen du Pediatriako Sociedad Vasco-Navarrarekin batera.