Errenteriako Udalaren erakunde adierazpena Emakumeen Aurkako Indarkeriaren aurkako Eguna dela eta

Hau da Errenteriako Udaleko talde politikoek adostutako erakunde adierazpena Emakumeen Aurkako Indarkeriaren aurkako Egunaren harira:

GUZTIOK INDARTSUAGO INDARKERIARIK GABE

2023ko azaroaren 25 honetan gogora ekarri nahi dugu emakumeek, emakume izate soilagatik, askotariko indarkeriak pairatzen dituztela eguneroko bizitzan, eremu pribatu zein publikoan. Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa da, genero-desberdintasunen adierazpen larriena, botere-harreman desberdinetan eta emakumeen aurkako bereizkerian oinarritzen dena. Egiturazko arazoa da, jendartearen kapa eta eskala guztietan ematen dena eta, zentzu horretan, instituziooi arduraz jokatzea eta normalizatutako errealitate hau iraultzeko neurriak hartzea dagokigu.

Horregatik, emakumeen aurkako indarkeria errotik kentzeko, aldaketa sakonak sustatu behar dira maila soziokulturalean, emakumeen zapalkuntza iraunarazten duen edo eskubide eta askatasunak benetan berdintasun-baldintzetan erabiltzea oztopatzen duten rol eta estereotipo patriarkalak indartzen dituen praktika oro detektatu eta ezabatzeko. Horrek, politika publikoen oinarrizko eta ezinbesteko helburua izan behar du giza eskubideak babesteko konpromisoa duen edozein administraziorentzat. Zeregin horretan, erakunde guztiok ibili behar dugu, gizarte zibileko erakundeekin, mugimendu feministarekin, azken batean, gizarte osoarekin.

Azaroaren 25a, beraz, indarkeria matxistaren alderdi desberdinak identifikatzen jarraitzeko eguna izango da, jendartean normalizatuen dauden sotilenetatik hasita, bortitzenetaraino: sexu-erasoak, eraso fisikoak eta erailketak, kasu. Aurtengo honetan, azpimarra jarri nahi dugu indarkeria matxistaren aurpegi gordinenetako batean; emakumeak zauritzeko asmoz haurrak erasotzean, hain juxtu. Indarkeria bikario gisa definitua izan den eraso mota honek haurrak zein hauen amak biktima zuzen bilakatzen ditu; honen adibide argia izan da orain gutxi Lizarraldean jazotako erailketa matxista.

Adingabeen errealitatean sakonduz, hainbat txostenek jakinarazi digute sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak direla, gehienak neskak eta nerabeak. Era berean, datuek diotenez, adingabeen artean genero-mito eta -estereotipoak hedatzen ari dira, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu-hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku-hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu-abusu eta sexu-erasoen kasuetan.

Errealitate honen aurrean, indarkeriarik gabe guztiok indartsuago garela aldarrikatu nahi dugu, beste urte betez. Herritarrengandik gertuen dagoen erakundea garen heinean, aske bizitzeko eskubidea lehen lerrora ekarri eta Errenteriako neska gazteen eta emakume ororen bizi baldintzak duintzeko ahaleginean jarraitzeko prestutasunean berresten gara.

Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udalak:

• Indarkeria matxista mota guztiak erabat arbuiatzen ditu, egiturazko indarkeria hori baita bereizkeriaren, desberdintasun-egoeraren eta gizonek emakumeen gainean dituzten botere-harremanen adierazpen ankerrena. Halaber, berretsi egiten du gizarte berdinzaleagoa, emakumeen aurkako indarkeriarik gabea, lortzeko erabaki irmoa duela.

• Adierazten du indarkeria matxisten aurkako borroka Errenteriako Udalean ordezkatuta dauden udal talde guztiek duten konpromisoaren parte dela, eta, giza eskubideekiko eta oinarrizko askatasunekiko konpromiso horretatik abiatuta errekonozimendu- eta elkartasun-mezu bat bidali nahi diegula indarkeria matxistaren biktima diren emakume eta haur guztiei, jada ez daudenei, haien familiei eta bizirik geratu diren guztiei.

• Genero-indarkeriaren aurka eta emakumeen eskubideen alde duen konpromiso irmoa berresten du, edozein motatako indarkeria matxistari aurre egin eta genero-indarkeria ukatzen duen edo erabat desagerrarazteko politika publikoak baztertzen dituen edozein diskurtso ukatzaile eta jarrera politikori aurre eginaz.

• 2024ko berdintasun-aurrekontua handitzeko konpromisoa hartzen du.

• Errenteriako III. Berdintasun planean “indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” ardatzean onartutako ekintza plana garatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.

• Konpromisoa hartzen du indarkeria matxistaren biktima diren adingabeen kasuak antzeman eta horietan arreta goiztiarreko, babeseko eta esku hartzeko prozesuak hobetzeko.

• Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du; ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako erreferentziazko gune izaten jarrai dezan.

• Udaleko langileen prestakuntza feministaren sustapenarekin jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bereziki emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean erantzuten diharduten langileei, genero-ikuspegia eta giza eskubideen ikuspegia aintzat hartuz.

• Indarkeria gaietan eskumenak dituzten erakunde ezberdinen arteko lankidetza sustatzeko konpromisoa hartzen du, lehentasunez instituzio-arteko protokoloa sinatzeko saiakerekin jarraituz.

• Beste erakunde eta administrazio batzuekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartzen du, Emakunde eta foru aldundiekin besteak beste; baita gizarte-taldeekin eta erakunde feministekin ere, emakumeek eta neskek aukera izan dezaten espazio publikoaz segurtasunez eta berdintasunez gozatzeko.

• Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jarduteko konpromisoa hartzen du.

Era berean, Errenteriako Udalak herritarrei dei egiten die azaroaren 25ean mugimendu feministak Emakumeenganako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela-eta deitu dituen mobilizazioekin bat egin dezaten.