Errenteriako mendebaldeko auzoak aztertzen dituen Bilduma aldizkariaren ale berria aurkeztu dute

Pasa den astean, azaroak 22, Bilduma udal aldizkariaren 31. zenbakia aurkeztu zuten udalbatzar aretoan. Ekitaldia alkateak berak, Aizpea Otaegi Mitxelenak, aurkeztu zuen, Euskararen egunaren egitarau zabalaren baitan kokatuta dagoena.

Ondoren, Itsaso Larramendi Elexgarayk hartu zuen hitza, ale monografiko honen egileetako batek. Eguneroko bizitza eta harreman komunitarioen garapena. Errenteriako industrializazio garaiko etxebizitza-auzoetan obraren laburpena eskaini zuen 45 minutuko hitzaldian.

Bere hitzetan, “lan honen bitartez, gure testuinguruko herri eta hirietako auzune askoren hiri- morfologian Mugimendu Modernoak izan zuen eragina azaldu nahi izan dugu, auzokideen egunerokoaren begiradatik aztertu eta dituzten hiri-ezaugarrietatik ikaspenak eratortzeko”. Larramendiren iritziz, inguruan asko dira hamarkada horietan sortutako auzoak, “sarri gutxietsiak eta balioan jarri gabeak, eta egun egiten ari garen hirigintzarako ikaspen interesgarriak eman diezazkigutenak”.

Udalerriaren mendebaldeko eremua hartzen duten auzoetan zentratu dute azterketa: Alaberga, Galtzaraborda, Beraun eta Kaputxinoetan. 50eko eta 80ko hamarkaden artean sortutako lau auzo horiek hirigintza feministaren begiradatik aztertu dituzte, eguneroko bizitzaren esfera ugalkorra eta auzo-harremanak garatzeko orduan, inguru eraikiak ezartzen dituen baldintzak ezagutzeko.

Koldo Mitxelena Ikerketa Beka

Aurtengo aldizkaria ale monografikoa da eta XV. Koldo Mitxelena  Ikerketaren Bekararen azken txostena jasotzen du. 2020ko beka (15.000 euroko kopuruarekin doituta) Itsaso Larramendi Elexgaray (zuzendaria), Ane Abarrategui eta Maddi Texeiro Tarazagari eman zitzaien proiektua 18 hilabeteetan garatu zezaten.

Bi urtez behin esleitzen du Errenteriako Udalak, Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) laguntzarekin, Koldo Mitxelena errenteriar filologia omentzeko ikerketa beka. Halaber, euskarazko eta emakumezkoen ikerketa bultzatzeko eta hiriaren inguruko ezagutza aregoatzeko helburua du deialdiak.

2020ko deialdia honako ikerketa esparruetara mugatu zen: arkitektura eta hirigintza.

Epaimahaiaren osaera: Itsaso Cruz Etxeberria eta Iñaki Queralt Coira Artxibo eta Argitalpen zinegotziak (lehendakaria), Leonor Garcia Vazquez Artxibo teknikaria (idazkaria), eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) izendatutako hiru lagun: Ula Iruretagoiena Busturia, Saioa Zuazubiskar Ardanza eta Jone Miner Aginaga (gaian adituak).