Antton Valverde abeslaria eta Oarsoaldeko gazte-talde euskaltzaleak dira 2023ko Oarsoarrak sariaren irabazleak

Antton Valverde abeslariak eta Oarsoaldeko gazte-talde euskaltzaleak jasoko dute aurtengo Oarsoarrak Euskararen Saria. Banaketa ekitaldia abenduaren 1ean egingo dute Oiartzungo Landetxe eraikineko aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Bertaratzeko beharrazkoa izango da azaroaren 27a baino lehen hurrengo helbide elektrinokoan izena ematea: komunikazioa@oarsoaldea.eus

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eman ohi ditu sariok. Epaimahaiak -Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hitzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur euskaltzaleon bilgunea- eskualdeko herrietan lanean ari diren gazte-talde euskaltzaleek Euskaraz naturaltasunez aritzeko ematen duten ereduagatik aitortza publikoa egitea hobetsi du. Halaber, Antton Valverdek euskarazko kantugintzari jarritako oinarria, eta bertsogintzari eta euskarazko kulturari egin dion ekarpen itzela nabarmendu eta goraipatu ditu.

Oarsoaldeko gazte-talde euskaltzaleei aitortza

Antxoko Topagunea, Antxoko Papingo Gazteria, Trintxerpeko Korkoiburuak, Lezoko Piztu Lezo, Oiartzungo Biyurrienea eta Oreretako Gazte Asanblada dira epaimahaiak saritutako gazte-taldeak.

Epaimahairen iritziz, guztiek bi ezaugarri gutxienez dituzte komunean: sortzen edo antolatzen duten jarduna euskaraz egiten dutela normaltasun osoz eta euskararen alde egin behar denetan parte aktiboa hartzen dute beti.

“Euren jardunarekin gazte talde hauek euskararen normalizazioan eragiten dute, zabaltzen dute euskararen uhina eta gazte gehiago erakartzea lortzen dute. Horrez gain, herrietako gainerako elkarteekin eta beste herrietako gazteekin elkarlana ere egiten dute”, dio Oarsoarrak sarien epaimahaiak.

Euskal kanten transmisore

Bestalde, Antton Valverde Lamsfus Donostian sortu zen 1943an. Aita “Ayalde” margolari ospetsua zuen eta bere aitaren haren lagunen eta Izeba Maria Jesus organo jolearen eraginari esker, ttikitatik artearen munduan murgilduta bizi izan zen. Anttonek haurtzarotik adierazten zituen musikarako doaiak, eta sei urterekin Pepita Iribas musika irakaslearekin hasi eta piano ikasketak Francisco Escudero musikagilearekin bukatu zituen arte solfeo-harmonia eta konposizioa egin zituen.

1960ko hamarkadan garaiko euskal kantagintzaren giroan murgildu zen Valverde.  Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Marian Arregirekin diskoak argitaratu zituen lankidetzan eta Oskarbi taldeko kide ere izan zen. 1978an kantaldi publikoak utzi zituen baina 1983an, berriz ekin zien. Lanbidez, alabaina, aitak zabaldutako grafikagintza enpresako arduraduna izan da erretiroa hartu arte.

13 disko eta bi DVD argitaratu ditu Valverdek eta beste disko batzuetan partaide izan da. Lizardi eta Lauaxeta poetak bereziki gustuko izan ditu beti eta haien poemak musikatzea bereziki maite izan du.