Errenteriako Musika Banda eta magia batera “Gabon Magikoak” ikuskizunean

Magia eta musika uztartzen dituen Gabon Magikoak izeneko ikuskizuna antolatu du Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) abenduaren 17rako, igandea. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Lekuona Fabrikan eta ostiral honetatik (abenduak 1) sarrerak eskuragarri izango dira sarrerak.errenteria.eus webgunean edo Lekuona Fabrikan bertan, 5 €ko prezioan.

Errenteriako Musika Bandarekin batera, ikuskizunean 4 magok hartuko dute parte, bakoitza estilo desberdinkoa eta beren diziplinetan aditua. Aitor Mitxelena Rubioren zuzendaritzapean, Marsel Magoa, Eriz Magoa, Javier Aguirre eta Peio Rivas arituko dira Lekuona Fabrikako taulagainean.

Marsel Magoarentzat, Gabon Magikoak ez da ohiko magia ikuskizuna izango. “Jauzi bat dago jendearekiko interakzioan, zailagoa baita publikoarekin eta bandarekin batera jardutea”. Magoak aurreratu duenez, jendea ikuskizunaren partaide sentituko da.

Bestalde, Errenteria Musikal Erakunde Autonomoko lehendakaria den Aitor Zorzanok abenduaren 17ko kontzertua “erronka polita” izango dela dio, ez baita aurretik horrelako ikuskizunik egin. Maite Gartzia Kultur Zinegotziaren aburuz, berriz, “bi ikuskizun batean” izango da, “magia gutxitan ikusi baitugu Errenteriako Musika Banda bezalako banda potente batekin”.

15 urteko ibilbidea

EMKE 15 urte daramatza Gabonetan haurrentzat espreski diseinatutako proiektuak eskaintzen. Horietan, musika arte eszeniko desberdinekin uztartzen ditu, formatu desberdinekin konbinatuz publikoak diziplina anitzeko ikuskizun batez gozatu dezan.

Aurtengo edizioan, Errenteriako Musika Banda magiaren munduan murgilduko da haurrei eta familia guztiei zuzendutako proiektu honetan. Klasiko handien konposizioak, soinu-bandak eta soularen klasikoen konposizio eta kantuak uztartuz, ikuslea magian zehar bidaia fantastiko batean murgilduko da.

Sarrerak 5€tan salgai egongo dira datorren abenduaren 1etik aurrera, Lekuona Fabrikan edota sarrerak.errenteria.eus web atarian.