Abenduaren 9an hasiko da Giza Eskubideen jardunaldien IX edizioa

Abenduaren 10eko Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko asmoz, Errenteriako Udalak jarduera ezberdinez osatutako egitarau zabala eskainiko du hilaren 9tik 16ra. Ametsetako lurra ereiten lelopean, antzerkiak, erakusketak, solasaldiak edota tailerrak izango dira Giza Eskubideen jardunaldietan. Jarduera guztiak doakak izango dira, baina batzuetan beharrezkoa izango da aurretik gonbidapena eskuratzea.

Maite Rosende margolariak sortu du bederatzigarren edizio honetako jardunaldien irudia. Artistak ondo islatu du aurten hausnarrarazi nahi dena: lurra mugitu eta gure eskuekin lantzearen garrantzia, amestutako lurra ereitera eramango gaituena.

Besteak beste, ondorengo gaiak izango dituzte hizpide 2023ko edizio honetan: landa-inguruneko emakume indigenak, migrazio-prozesuak bizi eta horien ondorioak pairatzen dituzten pertsonak, pobrezia eta kale-egoera bizi duten kolektiboak edo mundu mailan hainbat herrialdetan lankidetzan aritzen diren eragileak.

Nabarmentzekoa da Eva Mena muralistak Aralar plazan sortuko duen murala, Palestinan gertatzen ari diren eskubideen urraketak salatzeko. Lan artistikoaren bidez, Errenteriako eta Palestinako neska/emakumeen arteko sororitatea eta elkartasun-loturak islatu nahi ditu Menak; bai eta hainbat lurraldetan gertatzen diren emakumeen eskubideen aldeko borrokak, eta bakearen, elkartasunaren nahiz herriaren arteko batasunaren aldeko mezua aldarrikatu.

Esan bezala, jarduera guztiak doakoak izango dira. Halere, gonbidapena eskatzen dituen ekitaldietarako https://sarrerak.errenteria.eus/ webgunean edo Lekuona Fabrikan eskuratu daitezke.

IX. edizioko Giza Eskubideen jardunaldien agenda eta informazioa guztia ondorengo orrialdean duzue kontsultagai: https://herribizia.errenteria.eus/giza-eskubideak/

Egitarau anitza eta zabala

Palestinari buruzko muralarekin batera, hilaren 9tik 16ra Emakumeen erabakia: Guatemala argazki-erakusketa egongo da ikusgai Xenpelar Etxean, 17:00etatik 20:00etara. Zehazki, Guatemalako emakume indigenen ahalduntze- eta lidergo-prozesua erakusten da bertan. Erakusketaren aurkezpena abenduaren 12an izango da, 18:00etan, eta Idily Mérida Martínez Guatemalako emakume indigena huehueteka izango da bertan.

Halaber, migrazio-prozesuak eta honi lotutako tarteko ametsak gertutik ezagutzeko aukera izango dituzte herritarrek bi gonbidatu bereziren eskutik. Batetik, Thimbo Samb senegaldarrak bere testigantza kontatuko du El sueño es vida antzezlanaren bitartez (Teatro sin papeles). Emanaldia abenduaren 10ean izango da, Giza Eskubideen egunean, eta bukaeran artistarekin solasteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Bestetik, Junior Baba idazlearekin ere solasaldia izango da bere migrazio prozesuaren inguruan eta, berak idatzitako Sur le camin de ton reves liburuaren aurkezpena egingo du, ibilaldia hori deskribatzen duena.

Kale egoeran edo egoera zaurgarrian dauden pertsonek bizi duten errealitatera ere hizpide izango dute aurtengo edizioan. Abenduaren 12an, Koldo Mitxelenako ikasleek sortutako film laburrak proiektatuko dituzte, eta hilaren 16an Ados Teatroak Inor ez dago urrun performancea egingo du Errenteriko kaleetan Herriko plazatik abiatuta.

Bestelako jarduerak aipatzearren, nabarmentzekoak dira ere abenduak 9ko Ubuntu dantza afrikarrei buruzko tailer irekia, hilaren 11ako Antilletako itsasoetatik (Por el mar de las antillas) ipuin kontaketa edo abenduak 14ko Giza Eskubideen zinema dokumentalaren II. Jaialdiko film laburren irabazleen proiekzioa Niessen zinemetan.

Giza eskubideen babesa

1948an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zuen. Bertan, pertsona guztientzako giza eskubide unibertsalak aldarrikatu eta adostu baziren ere, egun errealitatea da eskubide horiek arriskuan eta urratuak direla. Alegia, praktikan ez zaizkio pertsona orori berdin aplikatzen, ingurura begiratzea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Aldarrikapen honen 75. urtemugan gauden honetan, giza eskubide hauen urraketaren adibide garbi eta mingarri bat dugu Gazako lerroan. Bizi eskubidea, oinarrizkoena, (3. atalean jasoa) ukatzen ari zaie milaka pertsonei. Datuak beldurgarriak dira: azken bi hilabeteetan ume palestinar gehiago hil dira Gazan urtebetean munduko gatazka armatu guztiek eragindakoak baino.

Honen aurrean, Errenteriako Udalak irmotasunez adierazi nahi du giza eskubideak babesteko eta sustatzeko konpromisoa.