Udalak inkesta bat jarri du martxan herritarrek udalerriko mugikortasunari buruz duten iritzia ezagutzeko

Ostiral honetan, abenduak 1, Errenteriako Udalak inkesta bat jarri du abian herritarren mugikortasun ohiturak ezagutzeko eta garraio eta mugikortasunarekin zerikusia duten egungo azpiegitura eta zerbitzuen balorazioa egiteko.

Bildutako informazioa Errenteriako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) osatzeko balioko du. Dokumentu hori ibilbide-orri bat izango da, eta udalerriko mugikortasunarekin lotutako hainbat ekintza jasoko ditu epe laburrean garatzeko (5 urte), epe ertain-luzeko ikuspegia galdu gabe.

Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren esparruan herritarrek parte hartzeko prozesuan helarazitako informazioa osatuko dute inkestaren emaitzek. Plan horretan, besteak beste, mugikortasunarekin, irisgarritasunarekin eta eremu publikoarekin lotutako arloak landu ziren.

Udalerriaren gaur egungo egoera aztertzeko inkesta eta dokumentazioa esteka honen bidez eskura daitezke: https://errenteria.eus/hmip-pmus/

Orain arte egindako azterketa azaldu eta zalantzak argitzeko jardunaldi bat ere egingo da abenduaren 14an, 18:00etan, Udalbatza Aretoan, herritar guztiei irekitakoa. Inkestan proposamenak aurkezteko epea abenduaren 22an bukatuko da.