Egitarau zabala Neguko Solstizioa-San Tomas egunerako

Ostegun honetan, abenduaren 21ean, Neguko Solstizioa-San Tomas eguna antolatu du izen bera daraman batzordeak. Beste urte batez, txistorra eta taloa dastatzeko, tokiko produktuak erosteko, bertsoak entzuteko edo bestelako ekintzez gozatzeko abagunean izanen dute Errenteriako herritarrek.

Batzordeak jakinarazi duenez, gogotsu aritu dira jaiaren protagonistaren bila, baina ez dute Animalien Babeserako Legeak onartzen duen krotaldun zerririk topatu.

Hala ere, herriko kide edo erakunde bat omentzeko protagonista hautatu dutela aurreratu du Neguko Solstizioa-San Tomas batzordeak. Iragarpena pregoiaren irakurketarekin batera eginen dute, goizeko 11:00etan Zumardiako kioskoan.

2023ko Neguko Solstizioa-San Tomas eguneko egitaraua:

  • 11:00etan Azokaren irekiera eta pregoia Zumardiako kiskoan
  • 11:30ean Errenteriako udal txistulariak herriko kaleetan barna
  • 13:00ean Bertso Saioa Foru Plazan
  • 16:00ean Kontzertua: Maialen Iriondo eta Izaskun Berasategi -Foru plazan-
  • 17:00etan Txapel Jaurtiketa -Foru Plazan-
  • 17:00etan Herri Arte Eskolako dantzaldia – Xabier Olaskoaga plazan-
  • 17:00etan Herri kirolak – Agirre Lehendakariaren plazan-
  • 17:00etan Bingo musikatua – Foru plazan-
  • 18:00etan Trikitilariak – herriko kaleetan barna-
  • 18:30ean Jauziak -Zumardian-
  • 18:45ean Amulletako danborrak – herriko kaleetan zehar-
  • 20:00etan Sari banaketa -Zumardiko kioskoan-

Xenpelar AEk euskaltegiak duela 37 urte sortu zuen Neguko Solstizioa-San Tomas eguna; beti ere herrigintzan, talde lanean eta animaliekiko zein norbanakoekiko errespetuan oinarrituta.

Jaia antolatzeaz arduratzen den batzordea Ereintza Dantza Taldea, Alaitasuna, BPAN, Landarbaso abesbatza, Oiartzoko ikasleak, Burusoilen elkartea, Sputnik, AEK, CAR, Oiarso saskibaloi kirol taldea, MotorBike eta Errenteriako Udalak osatzen dute.

Aurten ere deialdi berezia luzatu nahi dio herritar orori San Tomas Batzordeak solstizio egun honetan. Lehenik eta behin, atera ditzatela armairuan gordetako baserritar jantziak. Bigarrenik, ez ditzatela ahantzi edalontzi berrerabilgarriak etxean, berrerabiltzeko sortuak baitira. Bestetik, euskarak egiten gaitu euskaldun, hortaz, horrelako egun batean inoiz baino gehiago erabil dezatela. Azkenik, gogorarazi nahi da animaliak ere errespetatu behar direla, eta bide batez argi utzi nahi izan dute Neguko Solstizioak-San Tomas Batzordeak ez duela inongo eraso sexista edota arrazistarik onartuko herrian.