Gabierrotako Udal Gaztelekuko gazteek “Lagun Berriak” film laburra aurkeztuko dute ostiral honetan

Joan den ikasturteko lanari jarraipena emanez, Gabierrotako Udal Gaztelekuko 16 laguneko gazte talde batek Lagun berriak izeneko film laburra egin dute. Aurkezpena abenduaren 22an izango da, Errenteriako Niessen aretoan, arratsaldeko 18:30ean.

Film laburra 2022ko ekainean aurkeztutako Lagunak lanaren jarraipena da. Egitasmoa Udal Gazte Zerbitzuetan lantzen ari diren balio batzuk aurkezteko bitartekoa da. Besteak beste, giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza eta inguruarekiko eta taldearekiko errespetuzko harremanak, konpromiso sozial eta komunitarioak bultzatuz.

Hezitzaile taldearen, udal gaztelekuetako koordinatzailearen eta borondatez parte hartu duten beste pertsona batzuen laguntza ezinbestekoa izan da gazte talde hau motibatzeko eta ahalduntzeko, bai eta gidoia egiteko eta grabazioan parte hartzeko ere.

Markolako Koldo Mitxelena ikastetxea, Lekuonako liburutegia, Xenpelar Etxea eta Gabierrotako Gazteleku bera dira film laburreko agertokietako batzuk.

Niessen aretoko ateak proiekzioa baino 15 minutu lehenago irekiko dituzte eta sarrera librea izango da, aforoa bete arte. Filma amaitzerakoan, ikusleek gazteekin hitz egiteko aukera izango dute.