Kirolarekin lotura duten 250 pertsona inguruk parte hartu zuten atzo Errenteriako Kirolaren Galan

Errenteriako Kirolaren Gala ospatu zuten atzo eta hainbat klub, kirolari, erakundeetako arduradun eta, oro har, Errenterian kirolarekin zerikusia duten pertsonak izan ziren bertan. Guztira, 250 pertsona inguruk hartu zuten parte ekitaldian, eta bertan izan ziren Aizpea Otaegi alkatea, Leire Mazizior Kirol zinegotzia, eta Udaleko talde guztietako ordezkariak.

Alkateak, ekitaldian parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, Errenteriako Kirola zoriondu zuen 2022/2023 denboraldiko lorpenengatik, eta lanean jarraitzera animatu zuen.

Era berean, 2023ko edizioan omenaldi berezia egin zieten erakundeetan erreleboaren adierazle diren pertsonei (zuzendariak, kirolariak…). Hau da, haien dedikazioa aitortu zieten urte askoan klubarekin lanean aritu ondoren lekukoa utzi duten pertsonei, eta erakundeetan sartzen den belaunaldi berria aitortu eta animatu zuten.

Beraun Bera klubeko Juan Manuel Riescok Urtzi Urdanpilletari eman zion lekukoa; Judoko Sayoa Klubetik, Eugenio Boubetak Kerman Andueza eta Cristina Garciari; eta Oarso Bolei Taldea klubeko José Vicente Holgadok Olaia Laboari. CAR taldeari dagokionez, Txema Arenzanak eman zion lekukoa Dana Romerori, eta motoziklismoaren aldetik, Pedro Iglesiasek Arantxa Bravori eman zion, Iñigo Iglesiasen ordezkari gisa. Hibaikan Zuriñe Alberdik eman zien testigua Maddi Retegi eta Izaro Prietori (ezin izan zen galara joan). Azkenik, txirrindularitzan, Nico Santestebanek Iñaki Anzizarri eman zion lekukoa.

Ekitaldian Herri Arte Eskolak ere parte hartu zuen, eta Oihan Olano gitarra-jotzailearen eta Larraitz Ugartemendiak zuzendutako klake taldearen emanaldiekin gozatu zuten bertaratutakoek.

Gala honen bidez, Errenteriako Udalak bere babesa adierazi nahi die hiriko kirol elkarteei, izan ere, alkateak adierazi zuen bezala, “kirolak gizartea aldatzeko eta elkartzeko ahalmena du”.

Galan bideo bat proiektatu zen, Errenteriako kirolak 2023an izan zuen parte-hartzea biltzen duena. Hona ikusteko aukera: