Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala, hiru emakumek jasandako eraso matxistaren aurrean

Errenterian hiru emakumek jasan duten eraso matxistaren aurrean, Errenteriako Udaleko alderdi politikoek, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu dute:

1.- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du Errenterian hiru emakumek jasan duten erasoa eta zero tolerantzia adierazten du eraso matxista guztien aurrean.

2.- Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera.

3.- Errenteriako Udalak erasoa jasan duten emakumeei laguntza eskaini die dagoeneko eta elkartasuna adierazi nahi die adierazpen honen bidez. Era berean, Udalaren esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jarriko ditu erasotuak izandako emakumeen eskura.

4.- Udalak bat egiten du eraso hori gaitzesteko Errenteriako Mugimendu Feministak gaur, abenduak 20, arratsaldeko 19:00ean Niessenen deitu duen mobilizazioarekin eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen die.