Martxan dira Herri Biziaren WhatsApp eta Telegram kanalak

Errenteriako Udalak martxan jarri ditu Herri Biziaren WhatsApp eta Telegram kanalak, eta gaurtik aurrera, albisteak bertatik jasotzeko aukera egongo da. Bi kanal sortu ditu aplikazio bakoitzean, bat euskaraz, eta bestea gaztelaniaz. Horrela, kanalen jarraitzaile egiten denak, besteak beste, eguneroko albiste nabarmenenak jasoko ditu mugikorrean.

WhatsApp eta Telegram kanalak – Herribizia (errenteria.eus) orrialdean dauden estekak klikatuta aurkitu ahal izango dira kanalak (gomendagarria da estekara mugikorretik sartzea), eta “Jarraitu” botoia sakatzea da jarraitzaile izateko eman beharreko hurrengo pausua. Ondoren, WhatsAppen kasuan, eta soilik jakinarazpenak jaso nahi badira, kanpaitxoa aktibatu beharko da. Kanpaitxoa aktibatzen ez duen jarraitzaileak, aldiz, bere kabuz sartu beharko du kanalera mezuak irakurtzeko. Telegramen, aldiz, “Isildu” botoia sakatu beharko da jakinarazpenak ez jasotzeko.

Bestalde, eta pribatutasuna mantentze aldera, Herri Biziako kudeatzaileak soilik idatzi ahal izango du kanaletan, eta irakurleek erreakzio bat besterik ezin izango dute bidali, emojien bitartez. Halaber, WhatsAppen, kanaleko jarraitzaileen telefono zenbakiak, izen-abizenak eta argazkiak ez dira ikusgarri egongo ez kudeatzailearentzat, ezta bertako jarraitzaileentzat ere. Telegramen kasuan, berriz, administratzaileak bakarrik ikusi ahal izango du jarraitzaileen zerrenda, baita horietako bakoitzaren profileko argazkia ere. Dena den, kanaleko administratzaileak zerrenda horretako mugikor zenbakiak aurretik gordeta ez baditu, horiek pribatu mantentzen dira.

Instagrama ere, eraberritzeko prest

Azkenik, Herri Biziak berriro heldu dio bere Instagram kontuari (@errenteriaherribizia), eta eduki mota ezberdinekin hornituko du sare soziala: albiste nabarmenenak, kontzertuak, ikuskizunak, azken ordukoak… Helburua da, WhatsAppeko eta Telegrameko kanalekin batera, herritar guztiengana modu azkar, zuzen eta eraginkor batean iristea, punta-puntako informazioarekin.