Gabon Abesti Sariketaren 77. edizioak Galtzarabordako kiroldegia hartuko du bihar

Ereintza Elkarteak eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak Gabon Abestien Sariketaren 77. edizioa antolatu dute aurten. Gabonetako abesbatzen lehiaketa bihar, abenduak 30, ospatuko da Errenteriako Galtzarabordako Udal Kiroldegian.

Horretarako, ekimen hirukoitza proposatu dute. 12:30ean Horra, Horra VI. belaunaldi arteko Eguberriko kontzertua izango da. Arratsaldean, 18:30ean helduen abesbatzen Gabon Abestien Lehiaketa. Gainera,  Gabon Sustraiak lehiaketa birtuala izango da:  herri bakoitzeko gabon kanta herrikoiak bideo batzuen bitartez on-line formatoan interpretatzean datza, normalean herri horretatik kanpo ezezagunak izan ohi direnak. Parte hartu nahi izan duten  abesbatzek bideoz grabatu behar izan dituzte kantak. Irabazleak abenduaren 30ean jakinaraziko dira, arratsaldeko saioan, helduen lehiaketako sariak banatu aurretik.

Sarrerak

Sarreraren prezioa 14 urtetik gorakoentzat 2 eurokoa izango da goizeko zein arratsaldeko saioetarako. Ereintza Elkarteko bazkideek doako sarrera izango dute, baina txarteldegian bertan hartu beharko dute sarrera euren bazkide-txartela aurkeztuz.