Datorren astean hasiko dira auzo batzarrak, eta horietan parte hartzeko deia egin du Udalak

• Astelehenean Lartzabalen egingo da, asteartean Agustinetan eta asteazkenean Gabierrotan

Datorren astean hasiko dira herriko 15 auzoetan egingo diren auzo batzarrak eta Udalak bertan parte hartzeko deia egiten die herritarrei. Bilera horiek bi urtean behin egiten dira eta herritarrek Udalarekin duten harremana gerturatzeko balio dute.

Bilera hauen bidez, auzotarren premia eta kezkak jasoko ditu Udalak, baita agintaldi honetarako auzo horietan garatu asmo dituen proiektuak azaldu ere.

Batzar guztietan egongo dira Aizpea Otaegi alkatea eta bi zinegotzi. Horrela, herritarrek izan ditzaketen galderak argitzen ahaleginduko dira udal ordezkariak.

Amaitzeko, azken bi urteetan egindakoaren zein aurreko batzarretan hartutako konpromisoen egoeraren berri ere emango da.

Datorren astean, Lartzabalen, Agustinetan eta Gabierrotan

Batzarrak datorren astean hasiko dira: astelehenean, urtarrilak 15ean, arratsaldeko 18:00etan Lartzabalekoa izango da Haritza Auzo Elkartean. Asteartean, urtarrilak 16, arratsaldeko 18:00etan Agustinetako bizilagunen txanda izango da, Auzo Elkartean egingo delarik batzarra. Asteazkenean berriz, hilaren 17an, Gabierrotako Auzo Elkartean egingo da asteko azken batzarra arratsaldeko 18:00etan.

Batzarren egutegia

Hurrengo asteetan, udal-arduradunak gainerako auzoetara joango dira, hau da egutegi osoa:

    • Urtarrilak 15: Lartzabal
    • Urtarrilak 16: Agustinak
    • Urtarrilak 17: Gabierrota
    • Urtarrilak 24: Zamalbide
    • Urtarrilak 31: Beraun
    • Otsailak 5: Olibet
    • Otsailak 6: Iztieta-Ondartxo
    • Otsailak 7: Kaputxinoak
    • Otsailak 21: Erdigunea
    • Otsailak 22: Igantzi
    • Otsailak 26: Gaztaño
    • Otsailak 28: Pontika
    • Martxoak 4: Galtzaraborda
    • Martxoak 5: Alaberga

Laster zabalduko ditu Udalak batzar bakoitzaren inguruko xehetasunak.