OTXE Oarsoaldeko Txirrindulari Klubak estreinako ziklo-kros denboraldi borobila osatu du

OTXE Oarsoaldea Txirrindulari Klubak bere lehenengo ziklo-kros denboraldia amaitu berri du. Urrian esperientzia bizitzea eta ikastea zuen helburu klubak, baina asteburuak aurrera joan ahala emaitzak lortzen hasi eta “ustekabean” junior mailan lidergoa eskuratu zuen, neska zein mutilen kategorian.

Iraia Zapirain eta Eneko Olveirak erronkari heldu eta Euskadiko txapelketa irabazteko apustua egin zuten, azken probara liderraren maillotarekin iritsiz. Ormaiztegin egindako lasterketan dena zuten jokoan eta ederto erantzun zuten biek, maillotari eutsiz eta txapelketa irabaziz.

Dena den, hauek ez dira Euskadiko txapelketan aritu diren OTXEko txirrindulari bakarrak. Junior mailan Unai Barrio izan dute bidelagun, kadete mailan Manex eta Jokin aritu dira, eta urte hasieratik Ane Zubeldia taldekide berria ere izan dute.

Hain zuzen, Anek Ormaiztegiko azken proba irabaztea lortu zuen, OTXE Norclampeko maillotari estreina borobila emanaz. Halaber, klubak eskerrak eman nahi dizkie astebururo lanean ibili diren mekanikariei.

Denboraldian zehar egindako lanak saria izan zuen txirrindulari gazteentzat; Eneko, Iraia eta Ane Euskal selekzioaren deialdiaren parte izan baitziren Amurrion izandako Espainiako txapelketetan lehiatzeko.

Amurrioko Espainiako Txapelketa

Pasa den larunbatean Amurrion izandako Espainiako txapelketan, Ane Zubeldiak Euskal selekzioarentzat kadete mailako lehenengo domina eskuratu zuen, hirugarren postua lortuz. Atzetik aurrera egindako lasterketa borobila osatu zuen Zubeldiak. Enekoren kasuan, honek ere atzetik irten behar izan zuen, baina azkenean 13. postua eskuratzea lortu zuen.

Igandean, berriz, Iraia, Manex eta Jokin txanda izan zen. Lehenak ordezko bizikletarekin atera behar izan zuen matxura baten ondorioz, baina 16. postu on batekin bueltatu zen etxera. Manexen eta Jokinen kasuan, arro izateko moduko emaitzak ere lortu zituzten.