Errenteriako Udalak 3.500 eurorainoko dirulaguntza emango du alokairuan jartzen diren etxebizitza hutsen birgaikuntzarako

Udalak etxebizitza hutsak mobilizatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea ireki du.

Neurri horren bidez, Alokabideko Bizigune eta ASAP alokairu-programak bultzatu nahi dira herrian, eta, hala, etxebizitza eskuratzea erraztu nahi da, arrazoizko prezioan.

Errenteriako Udalak 3.500 €-rainoko dirulaguntza emango die Bizigune (gutxienez 6 urtez) edo ASAP (gutxienez 3 urtez) programetan izena emanda dauden edo izena emateko konpromisoa hartzen duten etxebizitzei, egokitzapen ekintza hauetarako:

  • Etxebizitza birgaitzeko obrak
  • Ekipamenduak erostearen edo instalatzearen gastuak
  • Etxebizitzaren energia-ziurtagiria eskuratzea

2020an dirulaguntzen lerro hau martxan jarri zenetik, orain arte 250.000 € bideratu dira.

2024an 50.000 euroko aurrekontu-esleipena izango du, eta aurtengo azaroaren 30era arte egongo da zabalik eskatzeko aukera. Informazio zehatza udalaren webgunean dago eskuragarri: https://errenteria.eus/zu/dirulaguntzak/#hirigintza

Etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri fiskalak eta informazio-kanpaina

Dirulaguntza horiez gain, eta helburu berarekin, Errenteriako Udalak neurri fiskalak ezarri ditu Ondasun eta Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) % 50 murriztuz, baldin eta etxebizitza hutsak, etxebizitzak mobilizatzeko programetan (Bizigune eta ASAP, besteak beste) inskribatzen badituzte.

Udalak informazio-kanpaina bat ere egingo du, udalerrian hutsik dauden etxebizitzen jabeei etxebizitza horiek alokatzeko dituzten abantailak ezagutarazteko.

Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak

Etxebizitza eskuratzeko orduan zailtasun gehien dituen kolektiboetako bat gazteena da.

Egoera horri erantzuteko, Errenteriako Udalak ere badu dirulaguntza lerro bat, urtero ateratzen dena, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzako edo, 18 urte bete ez arren, emantzipatuta bizi diren gazteentzako alokairua ordaintzen laguntzeko.

2023an dirulaguntza lerro horretan %50 igo ziren eskaerak aurreko urtearekin alderatuta.

2024ean eskaerak aurkezteko epea urteko azken hiruhilekoan irekiko da.