Herriko hiru ikastetxe publikoek 2024-2025 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute

Kanpaina 2024ko otsailaren 7tik 23ra bitarte izango da (biak barne) eta hiru ikastetxeek ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte

Argazkian: Itsaso Cruz, Hezkuntza zinegotzia; Amaia Jauregi, Koldo Mitxelena Ikastetxeko zuzendaria; Aitor Sarasua, Cristobal Gamon Ikastetxeko zuzendaria eta Ainara Goikoetxea, Bizarain Ikastolako zuzendaria.

Errenteriako hiru ikastetxe publikoetako zuzendariek, Bizarain Ikastola, Cristobal Gamon Ikastetxea eta Koldo Mitxelena Herri Ikastetxekoek, 2024-2025 ikasturterako ikasle berrien matrikulazio kanpaina aurkeztu dute Itsaso Cruz Hezkuntza zinegotziarekin batera. Izena emateko epea otsailaren 7an hasi eta hilaren 23an amaituko da, 2021 eta 2022 urteetan jaiotako haurrei zuzenduta.

Zuzendariek herriko eskola publikoaren eskaintza hezitzailea azaldu dute, euskalduna eta kalitatezkoa dena. Gainera, familiei dei egin diete antolatu dituzten ate irekietan parte hartzera, haien proiektuak bertatik bertara ezagutu ditzaten.

Ate irekiak

Hiru ikastetxeek haien hezkuntza eskaintza ezagutarazteko ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte:

– BIZARAIN IKASTOLA – Juan Crisostomo Arriaga (Bizarain txiki) eraikinean:
• Ate irekien egunak dagoeneko egin badituzte ere, interesdunek ikastetxearekin harremanetan jar daitezke hura ezagutzeko hitzordua finkatzeko.

– CRISTOBAL GAMON – Sorgintxulo, 6 eraikin nagusian:
• Ate irekiak: urtarrilaren 23an 16:30ean eta urtarrilaren 24ean 17:30ean.
• Aurkezpen bilera: urtarrilaren 26an, 16:30ean.

– KOLDO MITXELENA – Olibet eta Markolan (Biterin ez da egingo):
• Urtarrilaren 31an eta otsailaren 1ean, 17:00etatik 18:30era.

Gutun informatiboa

Aurten ere herriko ikastetxe guztien informazioa jasotzen duen gutuna bidaliko zaie 2021ean eta 2022an jaio eta Errenterian erroldatutako 413 haurren etxeetara.

Matrikulatzeko garaian, kontuan hartu beharreko irizpideen artean daude hautatu beharreko hizkuntza eredua eta ikastetxearen kokapena. Haurraren gizarteratzean eta herriaren garapenean gai horiek duten garrantziaz jakitun, Errenteriako Udalak matrikulatzeko adinean dauden haurren familiak animatu nahi ditu seme-alabak D ereduan eta Errenteriako ikastetxeetan matrikulatzera.