Autobus urbanoaren eta Lurraldebusen lizitazio berriaren balorazioa egin du udal gobernuak

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Yolanda Martin, Ingurumeneko zinegotzia; Aizpea Otaegi, alkatea, eta Bernar Lemos, Garraio zinegotzia

Urte berria hastearekin batera, aurrekoaren balantzea egiteko tartea ere hartu du Errenteriako Udal Gobernuak. Zehazki, garraio publikoaren inguruko zenbait gaien inguruko balorazioa egiteko agerraldia egin dute Aizpea Otaegi alkateak, Bernar Lemos Garraio zinegotziak eta Yolanda Martin Ingurumeneko zinegotziak. Alkatearen hitzetan, “garraio publikoa eremu estrategikoa da mugikortasun jasangarriago bat sustatu eta irisgarritasuna hobetzeko”.

Mugikortasun bertikala eta oinezko joan-etorriak errazten dituzten igogailuen sarearekin batera, Errenteirako Udalak hiri-autobusen sare bat du, Urbanoa izenekoa, udalerri osoari zerbitzua ematen diona. Urbanoaren zerbitzuan 2023an egindako hobekuntzen balorazioa egitearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak kaleratu berri duen Lurraldebusen lizitazio berriaren balantzea ere egin du udal gobernuak.

Urbanoa, inoiz baino erabiliagoa

2023an inoizko erabilera daturik handienak lortu ditu Urbanoa zerbitzuak. Aurreko urtearekin alderatuta %19 hazi da erabilera kopurua eta pandemia aurreko datuak ere gainditu ditu. Zehazki, 2019an baino %5 bidaiari gehiago izan baititu. Horrela, 775.000 bidaien kopurua gainditu du lehenengo aldiz Urbanoak. Hobekuntza horren arrazoiak bi dira udal gobernuaren ustetan. Alde batetik, bidaien prezioan %50eko deskontua aplikatu izana eta bestetik, iazko maiatzetik aurrera lineak hobetu eta sendotzeko udalak eginiko apustua. Emaitzak ikusita, 2024 urtean ere bi neurri hauek indarrean jarraituko dute. Horretarako, aurten, 870.000 euro bideratuko ditu Errenteriako Udalak garraio publikorako, mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzeko.

Lurraldebusen zerbitzuan murrizketak

Gipuzkoako Foru Aldundiak lizitaziora atera du urtarrilean Lurraldebusen Oarsoaldea eta Bidasoako zerbitzua esleitzeko deialdi berria. Behin deialdi horren xehetasunak aztertuta, udal gobernuak kezka adierazi du, Errenterian Lurraldebusen zenbait zerbitzutan murrizketak aurreikusten direlako proiektu berrian.

Zehazki, Beraun auzoa eta Donostiako ospitalea lotzen dituen E15 linea bertan behera uztea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Baita Errenteria Hondarribia eta Irunekin lotzen dituen E20 eta E26 lineak ere. Aldaketa horrekin, Errenteria Bidasoa Eskualdeko Ospitalearekin loturarik gabe geratuko litzateke. Proiektu berriaren arabera, linea horien ordez, Hondarribi edo Irunera joan nahiko luketen herritarrek E27 linea hartu beharko lukete, eta horrek Errenteria eta Hondarribia arteko bidaia denbora luzatzea ekarriko luke.

Hiru linea bertan behera uztearekin batera, beste zenbait lineatan ere frekuentziak gutxitzea aurreikusten du proiektuak. Zehazki Errenteria, Irun eta Hondarribiarekin lotzen dituen E27aren kasuan, orain arte larunbat eta igandeetan 30 minutuz behin goizez eta 20 minutuz behin arratsaldez pasatu ohi zen autobusa, proiektu honekin, 60 minutuz behin pasatuko litzateke. Horrek, Lintzirin eta Lanbarren poligono industrialekin Errenteriak duen lotura kaltetuko lukeelarik.

Beraun auzoa eta Donostia lotzen dituen E05 linearen kasuan ere, frekuentziak gutxitu egingo dira, zenbait ordutan 15 minutuz behin beharrean 20 minutuz behin pasako baita autobusa. Asteburuko arratsaldeetan, berriz, 20 minutuz behin beharrean 30 minutuz behin pasako da.

Lizitazio berria azaltzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak bilera antolatu zuen urtarrilaren 15ean Oarsoaldea eta Bidasoako alkateekin. Bertan, proiektuan aldaketak egiteko aukeraz galdetu bazitzaien ere, Aldundiko ordezkariek aldaketak egiteko aukerarik ez zegoela adierazi zuten. Horren aurrean, Lurraldebusen proiektu berriak Errenteriarentzako dakartzan zerbitzuen murrizketez jakitun, kezka adierazi du udal gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio berrikusi dezala proiektua, garraio publikoaren kalitatea kaltetu ez dezan.