Oarsoaldeko Energia Bulegoak berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko deia egin du

Lurraren Berotzearen Aurkako Ekintzaren Munduko Eguna dela eta, Oarsoaldeko Energia Bulegoak tokiko komunitateari dei egin dio berotegi efektuko gasen isuriak murrizteak duen berebiziko garrantziari buruz hausnartzeko.

Berotze globalaren aurrean ekitea funtsezkoa da biodibertsitatea eta ekosistemak babesteko, egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasuna eta ongizatea zainduz, gizakiarenak zein izaki bizidun guztienak. Karbono dioxidoa (CO₂) eta metanoa (CH4) bezalako gasen isurketek, gure planetari eragiten dion klima-aldaketa bizkortzen dute. Hori dela eta, Oarsoaldeko Energia Bulegoak gure eguneroko ekintzek arazo honetan daukaten eragina kontuan hartu eta gure eragina murrizteko neurri zehatzak har ditzagun eskatzen du.

Lurraren Berotzea Mantsotzen laguntzeko Aholku Praktikoak:

Banakako pertsonentzako aholkuak:

  • Garraio Arduratsua: garraiobide jasangarriak aukeratu, hala nola garraio publikoa, bizikleta edo oinez ibiltzea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz.
  • Energia Eraginkortasuna Etxean: energia-eraginkortasuna hobetzeko neurriak hartu, hala nola etxetresna elektriko eraginkorren erabilera, isolamendu termikoa ezartzea eta giro-tenperaturaren kontrola.
  • Energia Berriztagarriak: zure etxean eguzki panelak edo aerotermia bezalako energia-iturri berriztagarriak ezartzeko, edo jatorri berdea bermatzen duen argindar hornidura kontratatzeko aukerak kontuan hartu, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko.
  • Kontsumo Arduratsua: kontsumoarekiko ikuspegi kontzientea hartu, alferrikako kontsumoa eta erabilera bakarreko produktuak saihestuz. Produktuak murriztu, berrerabili eta birziklatu, ingurumenarekiko lagunkoienak lehenetsiz.
  • Ingurumen Hezkuntza: beste pertsonei karbono-aztarna murriztearen garrantziaren berri eman eta ingurumen-kontzientzia sustatzen duten hezkuntza-jardueretan parte hartu.