‘Bizi inauteriak!’ erakusketa bihartik aurrera bisitatu daiteke Xenpelar Etxean

Bihar emango zaie hasiera aurtengo inauteriei, eta Inauteri Batzordeak martxan jarritako ekimenetako bat izan da Xenpelar Etxean ikusgai egongo den ‘Bizi inauteriak!’ erakusketa.

Errenteriako inauterien esentzia islatzea helburu, Batzordeak deialdia egin zien herritarrei inauterietako argazki ezberdinak helarazteko, festa giroko irudi anitza eskaini ahal izateko, besteak beste.

Horrela, abenduan deialdia egin zenetik jasotako argazki inauterizaleenek osatuko dute herritik eta herriarentzat izango den erakusketa hau. Horiekin batera, udal artxibotik eskuratutako zenbait argazki eta azken urteotako inauterietako egitaraua osatu duten argazkiak ere izango dira 26 paneletan banatuta. Halaber, 2015-2020 urte bitarteko photocall-eko argazkiak proiektatuko dira.

Inauterietako musikak girotuta, bihartik hasi, eta hilaren 17ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa. Ordutegiari dagokionez, Xenpelar Etxeko ohiko ordutegia mantenduko da: astelehenetik larunbatera, 17:00etatik 20:00etara.

Erakusketa zabalik den egunetan gainera, herritarrek aukera izango dute gordeta dituzten inauterietako argazkiak bertara eraman eta eskaneatzeko. Helburua da Errenteriako inauterien ahalik eta artxibo anitzena sortzea.