Eguzki-borda gaztandegiko sekretuak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte

Gipuzkoako Parketxe Sareak Errenteriako Eguzki-borda gaztandegira bisitak antolatu ditu otsailaren 18an eta 25ean. Goizeko 11:00etan emango zaie hasiera jarduerei, ordu eta erdi inguruko iraungo dutenak.

Igande honetako bisitan parte hartzeko izen-emateak dagoeneko beteta daudenez, antolatzaileek beste data bat gehitzeko erabakia hartu dute, otsailaren 25ekoa alegia.

Bisita gaztandegiko arduraduna den Josu Oiartzabalek gidatuko du. Bisitariek ardien elikadurarekin eta zainketarekin lotutako xehetasunak ezagutuko dituzte, arkumeak ikusiko dituzte gertu-gertutik eta ardiei bazka emango diete. Jarraian, gazta egitearen prozesu osoa azalduko zaie eta amaitzeko, Eguzki-bordan egindako Idiazabal gazta dastatzeko aukera izango dute.

Eguzki-borda familiako gaztandegian Idiazabal jatorri-deiturako gazta egiten dute ardi latxaren esnearekin. Errenteriako Zamalbide auzoan dago, San Marko gotorlekuaren inguruan, Lau Haizeta parkean. Ardiak ukuiluan egoten dira urritik ekainera arte. Ekainetik urrira, berriz, Aralar mendilerroan egoten dira, hango larreetan bazkatzen.

Arkumeak azaro-abenduan jaiotzen dira eta gazta urtarrila eta ekaina bitartean egiten dute. Beraz, honakoa oso garai egokia da ardiak eta arkumeak ukuiluan ikusteko eta gazta egiteko prozesua ezagutzeko.

Izen-emateak eta prezioak

Jardueraren prezioa 12 eurokoa helduentzat eta 6 eurokoa haurrentzat (3-12 urte) izango da. Euskaraz emango dira azalpenak.

Otsailaren 25eko bisitan parte-hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, Arditurri parketxearekin harremanetan jarriz: