Udalerriko baliabideak ezagutu dituzte Familia Laguna programaren parte-hartzaileek

Familia Laguna programak Errenteriako sei ikastetxeetan bere egitasmoarekin aurrera jarraitzen du. Hain zuzen ere, pasa den astean Errenteriako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako familia parte hartzaileak Joxepa Antoni Aranberri anitzenea eraikinean bildu ziren herrian lanean diharduten zerbitzu eta elkarte hainbat bertatik bertara ezagutzeko. Horien artean, Udaleko Kultura Saileko, Lekuona Fabrikako, Ludoketako, Familia Guneko, Familia Eskolako, Sos Arrazakeria elkarteko eta Lau Haizetara elkarteko ordezkariak egon ziren.

Topaketan elkarte eta zerbitzu bakoitzaren aurkezpen erronda bat egin zen. Horretan familiek eremu eta elkarteek eskaintzen dituzten baliabideak zeintzuk diren, nola funtzionatzen duten eta zein erabilera eman ezagutzeko aukera izan zuten. Horrekin batera, familiei udal informazio eta baliabideak biltzen dituen harrera gida banatu zitzaien, informazioa eskura eduki zezaten, eta eraikina bera bisitatu zuten.

Emakumeen Etxeara bisita

Topaketari jarraipena emango diote otsailaren 20ean, hain justu, Emakumeen Etxeko bisitarekin. Alegia, instalazioak ezagutu eta herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu eta programak ikusi ahal izango dituzte.