Errenteriako Udalak Beraun kalean bi plaza berri eraikitzeko lanak hasiko ditu astelehenean

Simulazioa

Errenteriako Udalak datorren astelehenean, otsailaren 19an, hasiko ditu Beraun kalean bi plaza berri eraikitzeko lanak.

Hirigunea eta paisaia hobetzea

Plaza horiek 5. eta 15. zenbakien arteko atarien aurrealdean eraikiko dira, eta 1.700 m2 inguruko azalera irabaztea ekarriko du pertsonentzat. Egonlekuak, haurrentzako jolastokiak eta landaredia duen espazio berri bat irabaziko du auzoak esku hartze honen bidez.

Gainera, ingurunea eraberritzeko esku-hartze horrek hiri-espazioa hobetzea aurreikusten du, dauden hormak murriztuz eta irisgarritasuna hobetuz.

Obra hau egiteko epea 8 hilabetekoa izango dela kalkulatzen da eta 683.481,38 euroko aurrekontua izango du.

Beraun kalea berrantolatzea

Beraun kalea, jasaten duen ibilgailuen trafikoari dagokionez, udalerriko arteriarik garrantzitsuenetakoa da.

Jendearentzat hiri atseginagoa egiten jarraitzeko, Errenteriako Udalak proposamen bat aurkeztu zuen 2022an Beraun Kalea berrantolatu eta eraberritzeko.

Proposamenaren helburua da oinezkoen segurtasun handiagoa bermatzea, irisgarritasuna hobetzea eta mugikortasun iraunkorra sustatzea. Halaber, egungo berdeguneetarako sarbidea erraztu nahi da, bai eta pertsonentzako egonlekuak irabazi ere.

Eragile, bizilagun eta alderdi politikoen ekarpenak jasotzeko prozesu baten ondoren, Errenteriako Udalak asmo handiko proiektu hau jarri zuen abian 2022 urtearen amaieran.

3 fasetan garatuko den proiektua

Proiektu honen exekuzioa hiru fasetan garatzea aurreikusten da:

Lehenengo fasean 63 ibilgailurentzako aparkaleku publiko bat eraiki zen. Aparkaleku horri esker, plaza berriak egiteko tokia libre utzi ahal izan da. Esku-hartze horrekin aparkalekurako espazioa optimizatu da, eta aparkatzeko 13 plaza berri sortu dira eremu horretan. Aparkaleku publiko horri Pontika parean kale berean eraikitzen ari den aparkaleku-eraikina gehitu behar zaio. Eraikin horretan garaje plaza bat kontzesioan edo alokairuan eskatzeko epea irekita dago dagoeneko.

Lehen fase horretan, txakurren parkea ere birkokatu zen eta saneamendu-sistema hobetu zen.

Bigarren fasean, bi plaza berriak eraikiko dira.

Hirugarren fasean, oinezkoen segurtasunarekin eta irisgarritasuna hobetzearekin zerikusia duten gaiak landuko dira, espaloiei jarraipena emanez eta zabalduz, baita bide sarea eta berdeguneetarako sarbideak ere hobetuz.

Proiektu osoa gauzatzeko aurrekontua 1.500.000 eurokoa da.