Aizpea Echevarria medikuak jaso du IV. June Sánchez Tolaretxipi Beka

Haur Minbiziaren Eguna den otsailaren 15 honetan, Euskal Herriko Pediatria Elkarteak eta Juneren Hegoak elkarteak June Sánchez Tolaretxipi IV. Beka Aizpea Echevarria medikuari eman diote, bere haur minbiziari buruzko ikerketa proiekturako.

Hirugarren urtez jarraian, Bizkaiko Biocruces Institutuko onkologia pediatrikoko taldeak jaso du beka, Itziar Astigarraga ikerketatzaileak gidatuta. Echeverriaren hitzetan, taldearentzat oso garrantzitsua da ikerketan lagunduko duten ekarpen ekonomikoak: “Juneren Hegoak elkarteak esleitu dizkigun azken hiru bekei esker, aurrera egin eta hobetu ahal izan dugu haurren minbizien diagnostikoan eta tratamenduan, hala nola pediatriako sarkometan (pediatriako tumore guztien % 15 gutxi gorabehera)”.

Bekaren helburua da finantza-laguntza ematea haurren onkologiako ikerketa-proiektu bati, diziplina horrekin zerikusia duen edozein arlotan, eta paziente-talde horren diagnostikoan, jarraipenean eta tratamenduan hobekuntzak egiten laguntzea, pazienteen bizi-itxaropena areagotzeko. Estatuan urtero haur eta nerabeen minbiziko 1.500 kasu berri diagnostikatzen dira, 1-14 urte bitarteko adingabeen artean gaixotasunagatiko lehen heriotza-kausa dena, Minbizia duten Haurren Gurasoen Espainiako Federazioaren (FEPNC) arabera.

Gogoan izan behar da Juneren Hegoak taldearen inspirazio izan zen June Sánchez Tolaretxipi 2013an hil zela, bi urte zituela, haurren minbizi baten ondorioz. Urte horretan bertan, gurasoek eta gertuko pertsona talde batek elkartea sortu zuten Errenterian. Harrezkero, laguntza-sare bat sortu dute Euskadin kalteberatasun-egoeran dauden eta gaixotasunei, dibertsitate funtzionaleko egoerei eta/edo adingabeen doluari aurre egiten dieten familientzat, eta haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten aukera batzuk eskaini dituzte.

Haur minbiziaren aurkako ikerketari bultzada

2015ean, erakundeak June Sánchez Tolaretxipi beka sortu zuen, Pediatriako Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Elkartearekin batera, helburu bikoitzarekin: alde batetik, June omentzea eta gogoratzea; eta, bestetik, haur-minbiziaren ikerketa bultzatzea, hura pairatzen duten haurren eta haien familien bizitza hobetzeko.

“Irmoki sinesten dugu ikerketan, haurren gazteen aurkako borrokan irtenbide bakarra baita. Zoritxarrez, gaur egun, ikerketarako laguntzak mugatuak dira. Horregatik, 2022an crowdfounding edo finantzaketa partekatu bat atera genuen, eta jaso ditugun beste dohaintza batzuekin batera (Orereta Ikastolarena, esaterako), bekaren edizio honetarako ekarpena biltzen lagundu du”, diote Juneren Hegoak elkartetik.

June Sánchez Tolaretxipi I. beka Biodonostiako Idoia García Camino medikuak gidatutako ikertzaile-taldeak irabazi zuen 2015ean, Gipuzkoako haur eta nerabeen tumore pediatriko arraroen karakterizazio molekularrari buruzko lanagatik. Bigarren ediziotik aurrera, Biocruces onkologia pediatrikoko ikerketa-taldeak jaso du beka, Itziar Astigarraga doktore-ikertzailearen gidaritzapean.