Oarsoaldeari aitortza eskualdeko kirola euskalduntzeko lanagatik

Oarsoaldeak eskualdean kirola euskalduntzeko egin duen lana aintzat hartu dute Kiroletik Bagoz Euskaraz sarian. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurten sortu du saria Kirola 2021-2024 Euskara Sustatzeko Planaren esparruan, kirolean euskararen aldeko praktika eredugarriak nabarmentzeko eta haiei ospea emateko.

Lehen edizioan Aritz Olagoi psikologoa izan da saritua. Hautagaien artean Oarsoaldeko Euskara eta Kirol Mahaia zegoen, azken 25 urtean Eskola Kirola eta kirola orokorrean euskalduntzeko egin duen lanagatik.

Atzo Donostiako Aquariumean egindako sari banaketan, eskualdearen izenean Aizpea Otaegik Oarsoaldeko lehendakariak jaso zuen diploma Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren eskutik. Lan-mahaiarekin urtean zehar eskuz-esku lanean aritzen diren eskualdeko kirol eta euskara eragileek pozarren hartu dute hautagaitzaren bidez egin zaien aitortza.