Iparraldeko Orkestra lehenengo aldiz aritu zen atzo Errenterian

Baionako Iparraldeko Orkestra (Orchestre du Pays Basque) lehenengo aldiz izan zen atzo Errenterian Lekuonan eskainitako kontzertuan. Maila altuko egitaraua aurkeztu zuten bi zatitan banatutako emanaldian: lehenik Mozart (Figaroren gauen obertura) eta Bizet (Sinfonia Do maiorrean) interpretatu zituen orkestrak, eta atsedenaldi baten ostean, Beethoven-en (Pastoral sinfonia) maisulanarekin amaitu zuten.

Iparraldeko Orkestrak 1974ean ekin zion ibilbideari Baiona-Euskal Kostaldea izenarekin, eta 2017an Euskal Elkargoa sortzearekin batera bereganatu zuen egungo izena. Zuzendari lanetan Benoît Fromanger aritu zen atzo, orain gutxi arte Turkiako Samsungo Orkestra Ballet Nazionaleko eta Bukaresteko Orkestra Sinfonikoko zuzendari lanetan egondakoa.

Errenterian, Herri Arte Eskola-ko Orkestrak herrian ikasturtero eskaintzen dituen hiruzpa lau kontzertuez gain, urtero aukera bakarra egon ohi da orkestra sinfoniko profesional bat zuzenean herrian gozatzeko, hain zuzen ere, Musikasteren baitan maiatzean EOS-k eskaintzen duena. Horregatik, aukera paregabea da atzo iluntzeko hitzordua.

Metal Boskotearen emanaldia

Herri Arte Eskolaren bitartekaritzari esker, bigarren hitzordu bat bideratu dute orkestra bereko Metal Boskoteak emanaldi bat eskaintzeko apirilaren 15ean, 19:00etan, Niessen auditorioan. Egun osoko jarduna burutuko du boskoteak: goizez herriko ikastetxeentzako ikasleei kontzertu didaktikoa eskainiko diete, arratsaldean HAE-ko ikaslegoarekin metalezko instrumentuen hainbat master-class egingo dituzte eta 7 urteko ikasleekin metalezko insturmentuak ezagutu eta hautatzeko saio pedagogiko bat ere garatuko dute.

Gainera, Baionarekin sortutako harremantze hau bestelako aukerak ekarri ditu eta hala, Herri Arte Eskolak eta Baionako Kontserbatorioak elkar-trukean hainbat ekimen pedagogiko abiarazi dituzte dantzaren eta musikaren alorrean.