Ostiralean irekiko ditu ateak Aldakoeneak, udala goiko auzoetara gerturatzeko

Mugarri garrantzitsua izango da Aldakoenearen irekiera Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi eta Alaberga goiko auzotarrentzat. Izan ere, Aldakoenea kaleko 2 zenbakian dagoen ekipamendu berri honek, orain arte udaletxean egiten zituzten tramite edo eskaerak euren etxetik gertuago egitea ahalbidetuko die milaka auzotarrei. Udala goiko auzotarrengana gerturatzen lagunduko du auzo-etxe berriak.

Hiru ardatz nagusi izango ditu Aldakoeneak. Lehenik, ZU! arreta zerbitzuaren bidez egin daitezkeen tramite guztiak egiteko aukera eskainiko du astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara eraikinaren behe-solairuan.

Bigarrenik, osasun gaietarako Beraungo anbulatorioa erreferente duten herritarrek Gizarte Zerbitzuetarako ere Aldakoenean izango dute euren erreferentzia, zehazki, lehen solairuan. Horrela, gaur egun Gizarte Zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonen %40ak arreta Aldakoenean jasoko duela kalkulatu du udalak, euren bizilekutik gertuago.

Azkenik, eraikinak auzotarrentzako bestelako espazio eta zerbitzu berriak ere eskainiko ditu, egunkaria irakurri, liburutegiko maileguak itzuli, bilerak egin, hitzaldi edo kultur jarduerak egin eta oro har auzo bizitza indartzeko jarduerak antolatu ahal izateko. Jarduera hauek orokorrean bigarren solairuan garatuko dira, eta espazio hau apirilean zehar irekitzea aurreikusten da.

Guretzako, udala gertuago

Aldakoenearen irekieraren berri emateko, Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi eta Alaberga auzoetako herritarrek eurek jarri diote aurpegia kanpainari. ‘Guretzako’ izenburupean, hemendik aurrera goiko auzotarrek udala gertuago izango dutela adierazten du kanpainak, baita zerbitzu berriaren inguruko oinarrizko informazioa azaldu ere. Horretarako, kartel eta markesinez gain, informazio praktikoa iritsaraziko du udalak goiko auzoetako etxe guztietara.

1.600.000 euroko eraberritze proiektua

Aldakoenea kaleko haur-eskola zaharra auzo-etxe bihurtzeko lanek 1.600.000 euroko inbertsioa izan dute.

Guztira, 17 udal langile arituko dira egunerokoan lanean Aldakoenean. Zehazki ZU! arreta zerbitzuko 4 langile eta arduradun bat, udaltzain bat eta gizarte zerbitzuetako 3 administrari, 6 gizarte langile eta koordinatzailea. Horrela, udalak zerbitzu publikoak sendotzen jarraitzeko apustuan aurrera egingo du.