Zabalik da Aldakoenea

Aldakoeneak gaur goizeko 08:00etan ireki ditu ateak lehenengo aldiz.

Auzo-etxe berriak Udala goiko auzotarrengana gerturatuko du. Hortaz, Beraun, Galtzaraborda, Kaputxinoak, Igantzi eta Alabergako auzotarrek orain arte udaletxean egiten zituzten tramite edo eskaerak euren etxetik gertuago egiteko aukera dute orain, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara eraikinaren behe-solairuan.

Gainera, osasun gaietarako Beraungo anbulatorioa erreferente duten herritarrek Gizarte Zerbitzuetarako ere Aldakoenean izango dute euren erreferentzia, zehazki, lehen solairuan.

Bestetik, eraikinak auzotarrentzako bestelako espazio eta zerbitzu berriak ere eskaintzen ditu: egunkaria irakurri, liburutegiko maileguak itzuli, bilerak egin, hitzaldi edo kultur jarduerak egin eta, oro har, auzo bizitza indartzeko jarduerak antolatu ahal izateko. Jarduera hauek orokorrean bigarren solairuan garatuko dira, eta espazio hau apirilean zehar irekitzea aurreikusten da.