“La infiltrada” filmaren grabaketak trafiko mozketak eragingo ditu Gaztañon ostegun eta ostiral honetan

Azken asteetan Oarsoaldeko hainbat herrietan grabatzen ari diren “La inflitrada” filmak trafiko aldaketak eta kale mozketak eragingo ditu Errenteriako Gaztaño auzoan otsailaren 29an eta martxoaren 1ean.

Grabaketa lanak goizeko 08:00etan hasiko dituzte ostegunean, eta arratsaldeko 18:00ean amaitzea espero dute. Ostiralean, berriz, lanak arratsaldeko 16:00etatik gaueko 03.00ak arte luzatuko dira.

Gaztañorako sarrera eta irteera Lousada kaletik egin beharko da aipatutako orduetan, trenbide ondoko sarbidea itxita egongo baita.

Era berean, Pablo Iglesias hiribidean 5 minutu inguruko aldizkako mozketak izango dira eta auzoko aparkaleku batzuk grabazio taldeko behar logistikoetarako bideratuko dira.

Azkenik, U34 autobusa ez da Gaztañotik igaroko grabaketak irauten duen orduetan.

“La infiltrada” filma Elena Tejada polizia nazionalak, Aranzazu Berradre izengoitiarekin ezaguna, ETAn sartzea lortu zuenaren historia erakusten du. Arantxa Echevarria zuzendariaren obra berria urrian estreinatuko dute.