Ostiralean zabalduko dute Udako Oporrak programan on-line izena emateko epea

Argazkian, ezkerretik eskubira: Itziar Duarte, Udako Oporrak programen koordinatzailea; Bea Martín, Gazteriako dinamizatzailea; eta Aitor Zorzano, Gazteria zinegotzia
  • Modalitate presentzialean ZU! zerbitzuan izena ematea martxoaren 11n hasiko, da eta aurretik ordua hartu beharko da

Datorren ostiraletik, martxoak 1, martxoaren 22ra arte, biak barne, Errenterian erroldatuta dauden adin txikikoek eta, udalerrian erroldaturik egon gabe,  herriko ikastetxe batean ikasten dutenek, udako aisialdi hezitzailearen eskaintza osatzen duten jardueretan izena eman ahal izango dute.

Herritarrei gomendatzen zaie izapide guztia gazteria.errenteria.eus webgunetik sar daitekeen aplikazioaren bidez egitea.

Nahi duenak, martxoaren 11tik 22ra, biak barne, aurrez aurre egin dezake izen-ematea Udaletxeko ZU! zerbitzuan (Herriko Plaza z.g.). Horretarako, gazteria.errenteria.eus webgunearen bidez beharrezko inprimakia deskargatu daiteke eta eskatzen den dokumentazioarekin batera aurkeztu.

Aurrez aurre izena emateko, ezinbestekoa da martxoaren 7tik aurrera hitzordua hartzea 943 449 600 edo 010 (Errenteriatik egindako deietan) telefono zenbakietan.

Gazteen beharretara egokitzen saiatzen den eskaintza

Udan, ikasturtean zehar bezala, aisialdi hezitzailearen aldeko apustua egiten du Udalak. Aisialdi horren helburu nagusia da balioetan eta eskubideetan heztea, hala nola parekidetasunean, parte-hartzean, inklusioan edo euskaran.

Eta herriko adingabeen beharrei erantzungo dien kalitatezko zerbitzua emateko apustu horretan kokatzen da Errenteriako Udalaren proposamen hau.

Guztira 826 plaza izango dira parte-hartzaileen adinaren arabera diseinatutako programetan banatuak.

2018 eta 2020 urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako ‘Txikiak’ eta 2014 eta 2017 urteen artean jaiotakoei zuzendutako ‘Handiak’ programetan izena eman nahi dutenek eskainiko diren bi txandetako batean egin dezakete: lehenengoa ekainaren 24tik uztailaren 5era izango da, eta bigarrena, uztailaren 8tik 19ra.

Hiru izango dira elkartzeko guneak: Agustinak, Beraun eta Erdigunea.

680 plaza eskainiko dira guztira adin hauetarako bi txandetan. Eskainitako plazen kopurua gainditzen bada, zozketa bidez esleituko dira.

Tarifei dagokienez, ‘Txikiak’ programan parte hartzeak 43,20 euroko kostua izango du, eta ‘Handiak’ programan parte hartzen dutenei zuzentzen diren jarduerek, berriz, 54,00 euroko kostua.

Aurten ere ‘Errenteabentura’ jarriko da martxan eta 2011 eta 2013 urteen artean jaiotako parte-hartzaileek goizez eta arratsaldez hainbat jarduera egin ahal izango dituzte, baita egun osoko txangoak ere.

Errenteabenturak txanda bakarra izango du, uztailaren 1etik 12ra, eta 96 pertsonak parte hartu ahal izango dute guztira.

Ekintza honen prezioa 64,60 eurokoa da.

Hezkuntza-eskaintza honek jasotzen duen azken programa 2008 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteei zuzendutako jarduera da, ‘Kanpabentura’ deiturikoa. Adin hauetako gazteek aste eta erdi igaroko dute Beireko (Nafarroa) aterpetxean eta foru-erkidegoko hainbat tokitan ekintzak egin ahalko dituzte, uztailaren 8tik 17ra.

Jarduera honen prezioa 215,80 eurokoa da eta 50 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Programa guztietan, aurreikusitako izen-emateek plaza kopurua gainditzen badute, zozketa egingo da. ‘Errenteabentura’ eta ‘Kanpabentura’ programetan lehentasuna izango dute jaiotza-urtearen arabera izena ematea dagokien programan parte hartu ez duten haurrek.

Aurten ere behar espezifikoak dituzten parte-hartzaileei laguntzeko langile kualifikatuak egongo dira.

Gaitasun ekonomikoaren araberako tarifak

Errenteriako Udala zerbitzu batzuen prezioak erabiltzailearen gaitasun ekonomikora egokitzen ari da, besteak beste, Udako Oporrak programa. Hori dela eta, udako eskaintza hau osatzen duten programetako batean izena emateko unean ez da ordaindu beharko, izan ere, ordaindu beharrekoaren kalkulua behin matrikula egin eta gero egingo baita.

Hala ere, zenbateko hori kalkulatzeko, izena emateko orria betetzerakoan egin behar da eskaera.

Eskaintza honi buruzko informazio guztia eta parte hartzeko irizpideak gazteria.errenteria.eus webgunean ikus daitezke.

Nahi izanez gero, gazteria@errenteria.eus helbidera idatzi edo 943 449 606 telefonora deitu daiteke Gazteria Sailarekin harremanetan jartzeko.