Beraun Planaren baitan kontratatutako pertsonak lanean ari dira dagoeneko

Iazko martxoan ‘Beraun Plana’ aurkeztu zuen Udalak. Plan hori, alde batetik, 2023, 2024 eta 2025 urteetan egiten ari diren hiri-berroneratze integraleko prozesuek osatzen dute, eta, bestetik, kolektibo zaurgarriak laneratzeko ‘Beraun Auzolanean’ deituriko Enplegu Plan batek, auzoa mantentzeko eta berroneratzeko lanak eginez.

‘Beraun Auzolanean’ egitasmoaren helburu nagusia da Beraun auzoan kolektibo zaurgarriei zuzenduriko enplegu inklusiborako proiektu bat garatzea.

Ekimenaren beste xedeak dira egoera zaurgarrian dauden 10 pertsona eraikuntza sektoreko zenbait lanbidetan trebatzea eta honela beren kualifikazioa hobetzea, beren enplegagarritasuna hobetzea, pertsona horiek lan bilaketaruntz aktibatzea eta Beraun auzoan Udala sustatzen ari den birgaitze prozesuan laguntzea.

Horretarako formakuntza eta lana uztartzen dituzten 10 lan kontratu egin dira. Kontratatu dituzten 10 pertsonetatik 5 emakumeak dira, eta beste 5, gizonak. 23 eta 57 urte artean dituzte, eta erdiak DBH eta eskola ziurtagiria dauka, eta beste erdiak ez. Bestalde, %80a iraupen luzeko langabeak dira. Kontratazioak Oarsoaldea Garapen Agentziak egin ditu, Errenteriako Udalarekin lankidetzan, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak diruz lagundu du egitasmoa %100ean.

Dagoeneko, lanean

‘Beraun Auzolanean’ proeiktua 2023ko abuztuan hasi zen, aukeraketa prozesuarekin. 37 hautagaik eman zuten izena, eta 10 hautatu ziren.
Ondoren, hautatutako pertsonek prestakuntza fasea egin zuten urrian eta azaroan eta bertan zeharkako prestakuntza eta prestakuntza teknikoa jaso zuten. Gainera, parte-hartzaile bakoitzak akonpainamendua jaso du.

Azkenik, gaur egun hautatuak lanean ari dira, 10 hilabeteko jardunaldi osoko lan-kontratuekin. Beraun auzoan birgaitze lanak egiten dituzte eta trebakuntza fasean ikusitako sei lanbideetan aritzen dira.

Balorazio positiboa

Programaren arduradunek orain arte egin duten balorazioa da oro har lan merkatutik urrun dauden pertsonak direla eta interbentzio luzea eta intentsiboa eskatzen duen kolektiboa dela. Horregatik, 12 hilabeteko honelako programak oso egokitzat jo dituzte pertsona hauekin lan egiteko.