Udalak 90.000 euro gehiago bideratu ditu lokal hutsak mobilizatzeko laguntzetara, eskaerari erantzuteko

Errenteriako tokiko jarduera ekonomikoa sustatzeko lokal hutsen mobilizaziorako dirulaguntzak jarri ziren abian 2022an. Programa hau Merkataritza eta Ostalaritzako Aholku Kontseiluarekin lankidetzan osatu zen eta Errenteriako Merkataritza Planaren baitan jasota dago. Dirulaguntza-programak helburu hauek izan ditu ordutik:

• Hiriko ekonomia-sarean negozio berriak jartzea (merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza arloetan).

• Orain arte errentagarriak izan diren negozioei jarraipena ematea, enpresen transmisioa erraztuz eta lokalak ixtea saihestuz.

• Lokalak zein merkataritza-gune hutsak mobilizatzea, negozio edo enpresa berriak instalatzeko aukera emanez.

• Gaur egun kaletik zuzeneko sarbiderik ez duten instalazioetan dauden negozioak kale mailan jartzea. Horrela goiko pisuetan kokatu zeuden negozioen lokalak etxebizitza bihurtzeko aukera erraztuz.

Hasiera batean Udalak bi urterako 200.000 euroko aurrekontua aurreikusi bazuen ere -urteko 100.000 euro-, eskaerek kopuru hori gainditu dutela ikusita 290.000 eurora zabaldu du aurrekontua. Guztira 36 lokal mobilizatzeko dirulaguntzak bideratu dira. Zehazki, 20 lokal berri irekitzeko, goiko pisuetan zeuden 10 negozio kale mailara jaisteko eta 6 negozioren transmisioan laguntzeko.

Dirulaguntza hauen kasuan, onuradun bakoitzak gehienez 9.600 euro jaso ditzake. Horietako 5.000 euro lokal hutsaren prestaketa eta mobilizaziorako hasierako gastuentzat, 3.600 euro lokal hutsaren alokairu edo eroste gastuentzat eta 1.000 euro gehigarri hainbat faktoreren arabera (euskarazko arreta bermatzea, emakumeen parte-hartzea bultzatzea, Errenkoaldeko kide izatea…)
Jarraipena izango duen programa

Aurten ere dirulaguntza deialdia irekitzea aurreikusten du Udalak. Zehazki 125.000 euro bideratuko dira 2024ko deialdira eta maiatzean zehar irekitzea aurreikusten da.