Errenteriako Musika Bandak eta Ereintza Dantza Taldeak ‘Bantzan’ ikuskizun berritzailea eskainiko dute

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Onintza Agirrezabala, Ereintza Dantza Taldeko dantzaria, Maite Gartzia, Kultura zinegotzia, eta Aitor Mitxelena, emanaldiaren zuzendari artistikoa.

Martxoaren 23an, larunbata, Errenteriako Musika Bandak eta Ereintza Dantza Taldeak ‘Bantzan’ ikuskizuna eskainiko dute, bi kultur eragileen lankidetzatik sortutako proiektua, Euskal Herriko hainbat lurraldetako dantza eta musika bilduko dituena ikuspegi berritzaile batetik. Ikuskizunak 20 dantzari eta 55 musikari jarriko ditu eszenatoki gainean. ‘Bantzan’ datorren larunbatean eskainiko da, martxoak 23an, arratsaldeko 19:00etan, Lekuona Fabrikan, eta sarrerak salgai egongo dira datorren ostiraletik aurrera, martxoak 8, https://sarrerak.errenteria.eus/ helbidean edo Lekuona Fabrikan, 7 euroan.

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak sortutako ‘Gure Bakarlariak’ ziklo ibiltarian txertatuta, ikuskizunak bi helburu nagusi ditu: herriko bi kultur eragileren elkarlana sustatzea, dantza eta musika proiektuan uztartuz, eta Euskal Herriko dantzen doinuak eguneratu eta armonizatzea, ohiko instrumentazioez haratago, instrumentazio zabal eta aberatsagorantz gidatuz proiektua. Aitor Mitxelena Rubioren zuzendaritzapean, ‘Bantzan’ ikuskizunak Gipuzkoako, Nafarroako, Behe Nafarroako eta Zuberoako dantzak bilduko ditu.

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteko arduradunek aditzera eman dute honako hau: “Errenteriako Musika Bandak eta Ereintza Dantza Taldeak elkarlan ugari egin dituzte azken urteotan, baina gehienak formatu txikikoak, gehienez 4 dantzarien partaidetzarekin. Aspaldi genbiltzan dantza talde osoarekin ikuskizun bat burutzeko asmoarekin. Eta hala, iaz harremanetan jarri ginen ‘Bantzan’ ikuskizuna abian jartzeko. Gainera, kontzertu honekin aurtengo denboraldian ‘Gure Bakarlariak’ ziklo ibiltaria bigarrenez zabalduko dugu. Ziklo hori EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak sortu eta abian jarri zuen, musika espresio bide mota ezberdinei bultzada eman asmoz eta sortzaileen eta hauen produkzio eta ikuskizunak gizarteratzeko, zein kultur eta gizarte eragileak saretu eta elkarlan eta lankidetza bideak zabaltzeko. Azken batean, sormen eta ekoizpena sustatu eta balioetsi, hauen erakusketa publikoa erraztuko duten aukerak bultzatuz eta sortuz”.

Bere aldetik, Ereintza Dantza Taldeko dantzariek adierazi dutenez, “oso aukera polita da euskal dantzak banda osoarekin batera taularatu ahal izatea. Gure urteroko emanaldiak herrikoiagoak eta informalagoak izaten dira, eta aspaldiko partez antzoki formatuko emanaldi bat eskaintzea oso motibagarria da guretzat.

EMKE bezalako musika banda batekin oholtza berean egoteak gure errepertorioan egon ohi ez diren dantzak egiteko aukera ematen digu, beraz, oso gogotsu gaude”.

Azkenik, Maite Gartzia Kultur zinegotziak eskerrak eman dizkie EMKEri eta Ereintza Dantza Taldeari. Gaineratu duenez, Errenteriarentzat oso garrantzitsua da kultur eragileen arteko lankidetza, eta gaur aurkeztutako lana, zubi eta sare horietatik sortua, oso emaitza indartsua, aberasgarria eta berritzailea izango da. “Errenteria kultura da, kultur eragileek osatzen duten ekosistema zoragarria. Anima zaitezte ‘Bantzan’ ikuskizunaz gozatzera”.