Hondakin bilketa Oiartzun ibaian

MATER Ontzi Museo Ekoaktiboak hondakin-bilketa antolatu du Oiartzun ibai arroan, Errenteriako Fanderia auzoan barrena, martxoaren 16an, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara bitartean. Ingurune hurbilena zaintzeko balioak transmititu nahi dituzten Oarsoaldeko familientzat jarduera ezin hobea da, kontserbazio aktiboa eta herritar zientzia batzen dituen esperientzia.

Aurreko urteetan MATERreko taldeak hondakinak biltzeko egindako jarduerei esker, 2020ko urriaren 18an Oiartzun ibai arroko Errenteriako Fanderia auzoan zabor dezente pilatzen den eremua puntu beltz izendatu zuten eta, hain zuzen, bertan da esku hartu nahi den gunea. Hala nola, Arditurriko bidegorriaren parte da eremu hori, Errenteria eta Oiartzun arteko mugan, justu bizikletak garbitzeko topagunean hasi eta Alcampo aurretik dagoen Talaia poligono horretako egurrezko mahaien arteko eremua. “Gure ibaia zainduz, gure osasuna zaintzen ari gara eta hondakin-bilketak esperientzia paregabea dira kontzientzia hartzeko eta ekintzara salto ekiteko gure hondar alea jarriz”, azaldu du Sara Lizarzak, MATEReko herritarren zientzia-proiektuen arduradunak.

Aurten ere, zabor bilketa antolatu da LIBERA proiektuaren “1 m2 por ríos, embalses y pantanos” kanpainaren barruan kokatzen dena, Errenteriako Udala parte hartzen duelarik. Gainera, Telleri-Aldeko Sagrado Corazón ikastetxeko 3. mailako DBHko gazteak ere inplikatuko dira, hauek, ITSAS HONDAKINEN ERRONKA hezkuntza-proiektuan parte hartzen dute, itsas zaborraren mehatxua murrizteko, berrerabiltzeko eta ezagutarazteko tokiko egitasmoak garatzea helburua izanik. Proiektuan parte hartzeaz gain, informazio-stand bat jarriko dute herrian, emaitzak zabaltzeko eta herritarrak ibaia zaintzeaz eta kontsumo-ohitura iraunkorrez sentsibilizatzeko.

Elkargunea bizikleten garbigunea izango da 16:00etan eta eskularruak eta zakuak jantzita, eremu horretan ibai bazterrean pilatua dagoen zaborrak bildu eta karakterizatuko dituzte herritar zientzian oinarritutako protokolo estandarizatuak erabiliz. Lortutako datuak administrazioarekin partekatuko dira Elitter app-aren bitartez, arazoaren ikerketan eta prebentzioan laguntzeko.

Errenteriako herritarrak eta elkarteak, ibaiaren zaintza eta herritar zientzia batzen dituen jarduera honetan parte hartzea animatu nahi ditugu. Doako jarduera da, parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa da MATEReko harreman kanalen bidez 619814225 // info@mater.eus eta arropa erosoa eta zapatilak/botak ekartzea gomendagarria da. Bukatzeko, zabor gabeko hamaiketako jasangarri bat egongo da eta, honekin  batera,  tokiko  ingurumenaren balorea ezagutarazten dituzten opari ezberdinak zozkatuko dira partaideen artean.