Modu jasangarrian egin ziren pasa den urteko Eskola Kiroleko joan-etorrien ia erdiak

Oarsoaldeko eskola-kiroleko eragileek jasangarritasunarekiko konpromisoa berritu dute, kirol-saio eta -jardunaldietarako joan-etorri jasangarriak sustatzen dituzten neurriak bultzatuz. 2013-2014 denboralditik dago proiektua martxan, eta, hamargarren urteurrena bete ahala, bizi-estilo jasangarriagoaren aldeko ahaleginek aurrera dihardute.

Asteburuetako jardunaldietan, desplazamenduen jarraipena eta neurketa egiten dute Kirolaisi XXIeko teknikariek eta ikastetxeetako koordinatzaileek. 2022-2023 ikasturteko datuen arabera, desplazamenduen %43,64 modu jasangarrian egin ziren, hau da, 5.070 joan-etorri jasangarri guztira.

Zenbaki horiek Eskola Kirolean parte hartzen duten 1.400 lagunek baino gehiagok eta haien familiek Oarsoaldean jasangarritasunarekin duten konpromisoa erakusten dute.

Eskola Kirolak, jarduera fisikoa ez ezik, hezkuntza eta osasuna zaintzea ere sustatzen ditu. Horrez gain, ikasturte bakoitzaren amaieran, jasangarritasunarekiko konpromisoa saritzen da, joan-etorri jasangarriaren bidez gehien lagundu duten parte-hartzaileak eta ikastetxeak aitortuz.

Sariak, bizikleta gehien erabili duen haurrari ematetik, joan-etorri jasangarri gehien egin dituen ikastetxeraino izaten dira, horrela, parte-hartzea eta ingurumen-kontzientzia sustatuz.

Oarsoaldeko Garapen Agentziak eskualdeko herritarrei gonbita zabaldu die erronkarekin bat egitera, ohitura osasungarriak jarraitu eta etorkizun jasangarrirako bideaz gozatzera.