Nerea Azkona eta Marta Burgos dira aurtengo Jose Luis Ansorena Bekaren irabazleak

Nerea Azkona Galarraga harpa jotzaile donostiarra eta Marta Burgos Rueda klarinete jotzaile alhaurindarra (Alhaurin el Grande -Malaga) izan dira 2024ko Jose Luis Ansorena Bekaren irabazleak. 2.000 euroko dirulaguntza jasotzeaz gain, bi musikariek kontzertua emango dute Errenterian apirilaren 20an.

Andra Mari Abesbatzak eta Musikenek laugarren urtez antolatu dute beka hau, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Deialdiak bi helburu ditu: batetik, musikari gazteak laguntzea, batez ere goi-mailako ikastaroetan daudenak; eta, bestetik, euskal kulturaren ondarea ezagutaraztea, edo ondarea hornitzen jarraitzea, berriak izan daitezkeen musika-lanen bitartez.

Beka Musikeneko Master mailan diharduten ikasleei zuzenduta dago eta lehiaketan, bakoitzaren saioan, derrigor interpretatu behar izaten dute euskal musikako obra bat.

Musikenek aukeratutako ikasle onentsuenak izan ziren lehian, martxoaren 9an, Errenteriako Andra Mari Abesbatzaren egoitzan. Zazpi partaideen emanaldiak entzun ondoren, epaimahaiak bi onuradun izendatu zituen: Nerea Azkona eta Marta Burgos. Beraz, saria partekatua izango da aurtengo edizioan.