Udalbatzako talde eta bozeramaile guztiek bat egin dute Korrikaren 23. edizioarekin


Errenteriako Udalak euskararekiko duen konpromisoa erakutsita, Korrikaren 23. edizioari babesa azaldu diete udaleko talde eta bozeramaile guztiek.

Korrika martxoaren 23tik 24rako gau erdian murgilduko da Errenterian, eta Udalak ere bere kilometroa izango du. Hain zuzen, udal ordezkariek 00:13etan hartuko dute lekukoa Arramendi pasealekuko 15.ean, Pontikako biribilgunean.

Hurrengo egunetan ere zenbait ekintzan izango dira Korrikaren inguruan. Ostiral honetan Korrika gaztea egingo dute, 12:30ean Lehendakari Agirre plazatik abiatuta. Larunbatean, berriz, motorrak berotzeko jarduera desberdinak antolatu dituzte Korrika Jaian. Besteak beste, bingo musikatua eta Txalainak taldearen kontzertuak izango dira.

Aurretik, eragileek hainbat jarduera egin dituzte Korrikari ongietorria emateko. Otsailaren 29an pintxo-pote musikatua egin zuten, eta martxoan zehar beteranoen korrika, Harro Herri eguna eta ostegun honetan egitekoak diren Beraungo eta Erdiguneko Korrika txikiak dira nabarmentzekoak.

Errenteriako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Korrikaren eta euskararen alde lanean ari diren eragile eta norbanako guztiei. Hemendik aurrera ere euskara biziberritzeko bidean elkarlanean jarraitzeko borondatea adierazi du.