Apirilaren 22an zabalduko dute Uztargi eta Goialde haur-eskola publikoetan matrikulatzeko epea

Nere Zaragozano, Uztargi haur-eskolako koordinatzailea (ezkerrean); Itsaso Cruz, Hezkuntza saileko zinegotzi ordezkaria (erdian); eta Maider Sanchez, Goialde haur-eskolako koordinatzailea (eskubian).

Uztargi eta Goialde haur-eskola publikoetan 2024-2025 ikasturterako matrikulazio epea apirilaren 22tik maiatzaren 10era arte egongo da zabalik.

Izen-ematea epe horretan egin ahal izango da, baina aurretik ateak zabalik izango dituzte bi haur-eskolek, familiek instalazioak eta bertako hezitzaile eta gainontzeko langileak ezagutu ahal ditzaten.

Ate irekien jardunaldiak

• Uztargi: apirilaren 16an, 16:00etatik 17:30era.

• Goialde: apirilaren 15ean, 16:00etatik 17:30era.

Bi kasuetan aurretiazko hitzordua eskatu beharko da, ondorengo telefono zenbakietan:

• Uztargi: 943 512 216

• Goialde: 943 520 762

Izen-ematea egiteko bi modu egongo dira:

• Telematikoa: apirilaren 22tik maiatzaren 10era (biak barne) www.haurreskolak.eus helbidean.

• Presentziala (haur-eskoletan): apirilaren 22tik maiatzaren 10era. Ez da aurretiko hitzordurik hartu beharko. Hauek dira ordutegiak:

– Uztargi: astegunetan goizeko 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez (astearte eta ostegunetan bakarrik) 15:00etatik 17:00etara.

– Goialde: astegunetan 8:00etatik 16:00etara (12:00etatik 13:00etara da ordu egokiena).

2023ean eta 2024an jaio diren haurren etxeetara bidali du gutuna Udalak, familiek Uztargi eta Goialde haur-eskolen eskaintza zuzenean ezagutu dezaten.

Era berean, Errenteriako Udalak gogorarazi nahi du herrian hezkuntza eskaintza zabala dagoela 0-2 adin-tartean ere. Aniztasun horrek ekosistema aberatsa eskaintzen du hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz.

Hortaz, Errenteriako Udalak hautu hori herriko haur-eskoletan egitera eta D eredua lehenestera gonbidatu nahi ditu familiak; eta balorean jarri nahi du haur-eskolek jendartean betetzen duten funtzio hezitzaile eta soziala, zaintza garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarriz.

Goialde eta Uztargi haur-eskolen ezaugarriak

Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urteko gelan zortzi haur dituzte gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan berriz, hamahiru. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin, eta hezitzaile horiek dira haurrei jaten eman eta haurrak lotarazten dituztenak.

Goialde haur-eskolan 2 gela daude, eta etxeko giroa, familiartekoa, bermatzen da. Gurasoek, gainera, ez dute haurra haur-eskolara eramateko presaka ibili behar, aparkatzeko arazorik ez dagoelako. Hezitzaileek etengabe formakuntza jasotzen dute, eta haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen da.

Uztargi haur-eskolak 5 gela handi eta belarguneak ditu. Sukaldaria bertan dute eguneroko haurren bazkaria prestatzeko, eta janari ekologikoa eskaintzen dute bertan.

Bi haur-eskolek ordutegi bera dute: 07:30etik 16:00etara.