Instagram bidez erabakiko dute gazteek Madalenetako Gazte Guneko programazioa

Gerturatzen ari dira 2024ko Madalenak, eta Jai Batzordea lanean ari da jada jaietako egitarauari forma ematen.

Horri lotuta, uztailaren 24an, Gernika plazan izango den Gazte Guneko egitaraua gazteek aukeratuko dute aurten ere, baina oraingoan, modu berezian egingo dute: Instagram sare sozialaren bitartez botoak jasotzeko prozesu bat jarriko da martxan, eta gazteek bertan bozkatu beharko dituzte proposamenak beren gustuen arabera.

Parte hartzeko baldintzak dira 14 eta 17 urte bitarteko errenteriarra izatea eta @errenteriaherribizia Instagram kontua jarraitzea.

Hurrengoa izango da prozesua:

1- Apirilaren 24an eta 25ean argitaratuko dira Instagram storiesetan lehen inkestak, eta horietan hiru diziplina lehenetsiko dira: musika, kirola eta tailerrak. Era berean, aukera egongo da dizplina horietatik kanpo dauden proposamen berriak egiteko, inkestak bezalaxe storiesetan ipiniko diren galdera-kutxak erantzuten.

2- Apirilaren 26an emaitzak argitaratuko dira sare sozial horretan bertan, eta horien arabera, Udalak proposamen zehatzagoak egingo ditu apirilaren 29ko astean.

3- Azkenik, proposamen zehatzago horietatik abiatuta, berriz ere jarriko dira martxan Instagram storiesetan azken inkesta eta galdera-kutxa bat.

Beraz, aipatutako guztia kontuan hartuta, astez aste zehaztuko dira ekarpenak, egitaraua osatzera iritsi arte.

Udalak ekimen honen inguruko mezua zabaltzeko deia egin nahi die Errenteriako gazteei, parte-hartze ahalik eta zabalena bermatzeko.