Larunbatean izango da Errenteriako XXXVI. Sagardo Eguna

Larunbatean, hilak 27an izango da XXXVI. Sagardo Eguna, sagardoa, giroa, aurtengo uzta, dantza, lagunartea, txalaparta, bertsoak eta irrintzia gozatzeko aukera paregabea.

Egun hori antolatzeko bat egin dute berriro ere herriko elkarte gastronomikoetako kideek zein hainbat eragilek eta norbanakok.

Egitaraua

Antolatzaileek egitarauaren berri eman dute eta lehen ordutik tradizioari helduko diotela azaldu dute. Horrela, idiek garraiatuko dute sagardo-kupela herriko kaleetan zehar, duela zenbait hamarkada euskal sagardogileek egiten zuten moduan.

12:00etan lehen txotxa egingo dute Foru plazan. Bitarte horretan, kale-animazioa egongo da: dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak, txalapartariak, bertsolariak…

Arratsaldeko txotxa 18:00etan izango da, Zumardian, ohi bezala. Bertan dastatu ahal izango da Euskal Herriko makina bat sagardogileren azken urteko uzta.

Horretaz gain, Eusko Labelen eskutik txahala erreko da, baita hori jateko aukera egon ere. Gainera, zenbait talogile postu egongo dira egun osoan zehar, eta kale animazioak herria girotzen jarraituko du.

Gainera, antolatzaileek gogorarazi dute edalontzia hartzeko aukera izango duela inguratzen den orok, eta baita gosea asetzeko pintxoa, leporako zapia eta sagardotegi batean bazkaltzeko zozketa-zenbakia hartzekoa ere.

Mezu eta aldarrikapenak

Sagardo Egunaren aurkezpena baliatu dute antolatzaileek hainbat mezu eta aldarrikapen helarazteko: batetik, euskaraz aritzeko deia egin dute jai-egun horretan ere. Bestetik, jakinarazi dute egun horretan ere ez dutela inongo eraso sexistarik onartuko. Era berean, ohartarazi dute “errespetua dela gure ardatza, lanean ari denarekiko errespetua, baita elkarrenganako zaintza ere”. Eta horrela jarraitu dute: “probestu nahi dugu, era berean, mundu mailan une honetan genozidioa pairatzen ari den herri bat gogoratzeko; Palestina, hain zuzen ere.

Larunbatean gozatzeko aukera izango duzue askok, baina gogoan izan beste batzuk, aldiz, sufritzen ari direla. Nabarmendu nahi dugu elkartasuna adierazteko unea badela ere Oreretako Sagardo Eguna”.

Azkenik, urtero bezala, Sagardo Egunaren alde egin duten pertsonak omendu dituzte “haien lan nekaezin hori nabarmentzeko”. Aurten Manolo Martin, Eli San Sebastian eta Joxan Otaegik jaso dute aitortza.