Fanderiako Errotak 1.090 bisita izan zituen 2023an eta datozen hilabeteetan ere proposamenak eskainiko ditu

2023an igo egin da Errenteriako ingurumen ekipamendu honen instalazioetara egindako bisiten kopurua irekita egon den egunetan eta nabarmena izan da, halaber, antolatutako jardueretan herritarrek izandako parte-hartzea. Ibaiaren Etxeak sentsibilizazio programa hauek eskaini ohi ditu urtean zehar:

1.- Errotara bisitak: hilabete bakoitzeko bigarren asteburuan irekitzen da errota, eta 328 pertsona gerturatu dira errotaren historia ezagutzeko, aleak ehotzeko tresneria ikusteko… zein Errenteriako ondare natural eta historikora gerturatzeko. Dinamizatzaileen arabera, eguneko bisitarien kopurua igo da (5 bisitari gehiago egunero, % 160ko igoera); eta, bestalde, mota guztietako bisitariak hurbiltzen dira: bertakoak eta eskualdekoak gehienak, baina baita herrira etortzen diren bestelako bisitari eta turistak ere.

2.- Tailerrak eta jarduera bereziak: hilabetero, larunbat edo igande batean, jarduera berezi bat antolatzen da, batez ere herritarrak ondare natural eta kulturalera hurbiltzeko, eta baita ingurumen gaietan kontzientziazioa sortzeko ere. Parte-hartzaileak, gehienetan, haurrekin datozen familiak dira, eta joan den urtean 120 pertsona aritu ziren jarduera horietan, hala nola babestuta dauden natura-guneak ezagutzeko mendi ibilbide gidatuetan (Añarbe, Aldura, Arramendi, Lau Haizeta,…), hondakinak berrerabiliz jostailuak egiteko tailerretan, edota herriko parkeetan ibiltzen diren hegaztiak ezagutzeko tailerrean.

3.- Jarduerak ikastetxeekin: bisita didaktikoak egin dira Oarsoaldeko hainbat ikastetxetako 19 talderekin, errotaren funtzionamendua ezagutzeko, energia mota ezberdinak lantzeko eta errota mugitzen duen ibaia ezagutzeko. Urtean zehar, 450 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute haien hezkuntza mailaren arabera egokitutako jardueretan. Azpimarratzeko modukoa da eskaera hauek asko egin dutela gora (2022-23 ikasturtean, 369 ikasle gehiago egon ziren 2020-21 ikasturtearekin alderatuta, % 225 gehiago). Gainera, lehen Errenteriako ikastetxeen eskaerak bakarrik jasotzen baziren ere, 2023 urtean eskualdeko beste herrietako eta Gipuzkoako beste udalerri batzuetako eskoletatik ere etorri dira.

4.- Taldeen bisitak: jubilatuen taldeetako, elkarte kulturaletako, elkarte gastronomikoetako, udalekuetako eta bestelako taldeetako ia 190 pertsona gerturatu dira Ibaiaren Etxera 2023an; eta aurten dinamika horiei eustea espero da.

Datozen ekintzak

2024 urteko datozen hilabeteei begira, Fanderia Errotako Ibaiaren Etxea irekita egongo da, erakusketa ikusi, bisita gidatuak egin eta errota martxan ikusteko, hilabete bakoitzeko 2. asteburuan 10:30etik 14:00etara. Horretaz gain, eskolentzako zein beste taldeentzako bisitak eskainiko dira. Gainera, ondorengo jarduera hauek programatu dira datozen hilabeteetarako:

– Maiatzak 18: Añarbeko baso erreserban ibilbide gidatua, Parke Naturalen Europako Egunari lotuta (Red Natura 2000).

– Ekainak 16: Natur pote. Ingurugiroari lotutako gaiak giro informalean jorratzeko hitzordua, pintxo baten eta pote baten inguruan.

– Uztailak 13: Oiartzun Ibaia gora pista jolasa. Familiei zuzendutako jarduera, ondo pasatuz gure ibaia eta inguruneari buruzko gaiak jorratzeko.

Fanderiako Errotari buruz:

Eraikin honek aditzera ematen du Errenterian industriak izan zuen indarra eta bilakaera, beti ere uraren indarra baliatuta, XV. mendean Renteriola burdinolarako energia gisa erabiltzen baitzen. Burdinola hori urteekin bihurtu zen Aragorriola fanderia (1769), errota (1828) eta irin (1828) eta pentsu-fabrika (1950), eta 1996an eten zuen industria-jarduera.

Mende aldaketarekin, urte hauetan Fanderiako Errota Ibaiaren Etxea ere bada, ibaia ardatz duen ingurumen- eta kultura-ondarea ezagutaraztea eta kontserbatzea helburu duen interpretazio zentroa. Horixe da lurraldea egituratzen duen ardatza, burdina-industriatik hasi eta gaur egun gure ibai-habitatek merezi duten sentsibilizazioa lortu arte. Bertan, izokin atlantikoaren presentzia nabarmentzen da 2000 urtetik, baita haltzadi kantauriarrena ere.

Eraikinaren beheko solairuan erakusketa-espazio bat dago, errota zaharraren ehotze-eremuari eta turbinari dagokiena, eta errota tradizional baten eta haren ondorengo irin-fabrikaren elementuak ditu.

Informazio gehiago eta jardueretan doako izenematea egiteko:

turismoa@oarsoaldea.eus / 943 494 521

galemysfanderia@gmail.com / 690 720 264