Herriko haur eta gazteak ‘Errenterian 11 Kolore’ jaialdiaren prestaketekin hasi dira

‘Errenterian 11 kolore’ jaialdia, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren bueltan ospatuko da, maiatzaren 21eko astean. IX. edizio honetarako egitarau aberatsa eta koloretsua antolatu dute, herritar orori zuzendutakoa, maiatzaren 15etik 29ra bitarte.

Hori dela eta, herriko ikastetxe (HH eta LH) eta ludoteketan 800 haur eta gazte baino gehiago hasiak dira jada jaialdirako eskulanak egiten.

Kultura aniztasuna islatzen duten apaingarri hauek Itziar Bandres artista errenteriarraren laguntzarekin sortu dituzte. Jaialdiak dirauen bitartean, herrian ikusgai egongo dira kaleak kolorez jantziz, Errenkoaldeko parte diren dendetan eta Lekuona Fabrikan, besteak beste.

Gainera, aurtengo jaialdiaren irudi nagusia Ainhoa Redondo herriko ilustratzaileak sortu du. Bertan Burubeltz da protagonista, eta herriko programazioarekin zerikusia duten karteletan eta euskarrietan ikusi ahalko da.

Laster emango dute programa osoaren berri, denok elkarrekin, kultura aniztasuna gozatzeko herriko bazter guztietan.